Argentinako euskara ikaslea Arrasaten: “Posible da euskara ikastea”

3
1798

Buenos Airesko Sebastian Amaya Arrasateko Agurne Juldainekin euskara ikasten ari da, Mintzaneten eta Skype bidez. Sebastianek azken bi hilabeteak Lazkaoko barnetegian ikasten eman ditu, eta atzo Arrasaten Agurnerekin eta bere familiarekin egon ahal izan zen.

Argazkiak: Agurne Juldain.

Sebastian Amaya argentinarra Literatura irakasle dihardu Argentinan, eta Buenos Aireseko Euskal Etxeko ‘Laurak Bat’ euskara irakaslea ere.

Hizkuntza hau ikasten ari da, eta Mintzanet programaren bitartez Agurne Juldain arrasatearra ezagutu zuen. Izan ere, mintza praktika hauetan, euskaldun berriak (bidelariak) eta euskaldun zaharrak (bidelagunak) elkarrekin mintzo dira.

Horri esker, Sebastianek euskara praktikatzen du Agurneren laguntzaz. Agurnek martxo aldean eman zuen izena Mintzaneten, eta hastapenetan neska bati lagundu zion, eta geroxeago Sebastiani ere laguntzea eskatu zioten. Agurnek baietz erantzun zuen.

Hala, apiril-maiatz aldera elkarrekin berbetan hasi ziren, Skypen bitartez. Berbaldiak larunbatean egiten dituzte. Gainera, Sebastianek Etxepare Fundazioaren beka bat lortu zuen, eta Euskal Herrira etorri ahal izan da.

Bi hilabete egin ditu Lazkaoko Maiztegi barnetegian, eta klaseak astelehenetik ostiralera ditu. Arrasatetik hain hurbil egonik, Agurnek Arrasatera gonbidatu zuen eta Sebastianek baietz.

Horrela, Agurnek atzo goizean Sebastian Lazkaotik ekarri zuen, eta gure herriko zenbait leku esanguratsu erakutsi zizkion: Herriko plaza, Goikobaluko herensugea, kooperatiben ingurua, Unibertsitatearen ingurua, …

Batzokian bazkaldu ostean, Oñati ere bisitatu ahal izan zuten nahiko azkar izan bazen ere, eta ondoren Lazkaora.

“Inork ez dezala esan euskara ikastea ezinezkoa dela – adierazi du Agurnek – Sebastian horren adibideetako bat da. Berak Buenos Airesen ez du euskaraz hitz egiteko apenas aukerarik, soilik nirekin eta beste pertsona batekin, baina hala ere ikastea lortu du”.

Beraz, “hemen, euskara ikasteko aukera askoz gehiagorekin, euskara ikastea ezinezkoa dela esatea, nire ustez aitzakia bat da. Esfortzua beharrezkoa da noski, baina posible da”.

“Jendea anima dadila Mintzaneten izena ematera”. Eutsi gogor Sebastian eta Agurne!

3 IRUZKIN

  1. Konfinamendu perimetrala salto egin dugula nola dakizu?baimenak kudeatuta genituen. Epaitu aurretik hobe galdetu. Ezjakintasunaren aurrean inteligentzia martxan jarri.
    Gabon pasa!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen