Argazkilari arrasatear honek, ‘Txokito’ren eta Aritz Gordoren jarraibideekin, irudi ederra egin zuen aurreko astean. Gainera, Deliriun Tremens taldekoekin euren kontzertuaren promoziorako zenbait argazki ere egin zituen bertan.
Arrasatearrak irudi eta bideo ederrak egiten ditu, eta aurreko astean ere horixe lortu zuen Euskal Herriko kostaldean.
Mutrikuko txoko batean aritu zen argazkigintzan eta bideogintzan, eta bere bi laguni esker ona agertu die:
“Aritz Gordo eta Txokito leku horretara joan ohi dira argazkiak egitera, eta Mutriku ezagutzen dut baina ez nekien zehatz mehatz zein zen kokapena. Biak ala biak lagunak ditut eta laguntza eskertzen diet”.
Aurreko astean Ibanek iragarpenak ikusi zituen, eta ohartu zen baldintza aproposak egongo zirela: “Itsasoa zakar ibiliko zen, marea altua eta zerua garbi-garbi. Hortaz, goiz horretan denbora tarte bat libre neukan eta Mutrikura abiatu nintzen”.
Gainera, argazkiak egiten ziharduela, “hondartzako eskailerak jaisten Delirium Tremens-eko lagunak ikusi nituen, Andoni tartean. Kontzertua emango dutenez, promozioko argazkiak egin gura zituzten, eta eurekin solasean aritu ostean, argazki batzuk egin nizkien kontzertuaren promoziorako. Goiz borobila izan zen” baloratu du Ibanek pozik.
Era berean, arrasatear ezagun honek adierazi du “argazkiak egin genituenean hondartzan hainbat zabor batu genuela. Hondartzak zain ditzagun”.