Aretxabaletako udaletxeko eraso matxistaren gaineko adierazpen instituzionala

0
1608

Testua: Aretxabaletako Udala.

Aretxabaletako Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure udaletxean, bertako langile baten eskutik, gertatutako eraso matxistaren aurka, eta babesa adierazi nahi die erasoa pairatu duten emakumeei eta euren ingurukoei.

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen bortitzena da, eta nagusitasun eta desberdintasun-harremanen gainean eraikitzen da. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urraketa onartezina den arren, normalizatuta dago gure gizartean.

Emakumeen aurkako indarkeria ez da gauez eta kalean bakarrik gertatzen (nahiz eta honen inguruko mitoek hala dioten), eta gizartean errotuta dagoenez, espazio ugaritan ematen da, hala nola, familian, etxean, lantokian… Eta zoritxarrez, baita gure udaletxean ere.

Prozesu luzea izan da, eta argi geratu da oraindik asko dagoela hobetzeko indarkeria matxistaren identifikazioan eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen arretan. Horregatik, Aretxabaletako Udalak konpromiso irmoa hartzen du hobetzen jarraitzeko eta berdintasunean oinarritutako herri baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko (sentsibilizazioa eta erreparazioa ardatz gisa hartuta).

Horren harira, otsailaren 28ko ez-ohiko Osoko Bilkuran hartutako erabakia aipatu beharra dago, non erabaki den espedientatutako udaltzaina ez dela bere lanpostura bueltatuko, ulertzen baita hori biktimekiko indarkeria instituzionala izango litzatekeela.

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko, ezinbestekoa da herritar guztien jarrera aktiboa, elkarlana nahitaezkoa baita Aretxabaleta berdintasunezkoagoa lortzeko. Era berean, garrantzitsua da informazio faltsuei aurre egitea eta zurrumurruak geldiaraztea; izan ere, emakumeak erruduntzat jotzen dituzten mito eta aurreiritzi ugari daude gizartean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen