Arantzazulab abian da

0
474

Ingurumena eta gizartegintza ardatz izango dituen proiektu eraldatzailea izan nahi du laborategiak, eta horretarako lau lan-ildo ditu jomugan: elkarbizitza, lana, trantsizio ekologikoa eta ongizatea, eta lau esparru horietan gizarteak izan ditzakeen arazoak eta beharrizanak abiapuntu gisa hartuta, irtenbide eta erantzun berritzaileen bila abiatuko da, elkarlanean.

Arantzazuko tradizio humanista eta balioetatik eraikia, euskal gizarteari baliozko ekarpena egiten jarraitzeko erantzukizunetik abiatzen da Arantzazulab. Arantzazuko Gandiaga Topagunean kokatua, gure azken helburua da gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko Arantzazu erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea.

Zer da bereizten gaituena? Arantzazuren arrastoa eta gure nortasun propioa duen gizarte berrikuntzako laborategia izan nahi dugu. Garapen komunitarioaren aldeko apustua egingo duena, komunitatea ahalduntzeko tresnak ikertzeko, esploratzeko eta esperimentatzeko elkargunea; etorkizuneko gizartegintza sustatuko duena, “elkarri entzun eta elkarrekin ikasteko” topagunea, aliantza publiko-pribatu-sozialen gobernantzan sakontzeko lan egingo duena, lankidetzazko gobernantzan.

Gobernantza eredua

Arantzazulab gobernantza kolaboratiboaren ereduan oinarrituriko egitasmoa da, askotariko pertsona, eragile eta entitateen arteko lankidetzaren fruitua. Zuzendaritza Batzordeak gidatuta, eta Aholku Batzordearen laguntzarekin, ekingo dio bide-orri estrategikoari, espazio eta proposamen publiko-pribatu-sozial berritzailea garatzeko. Hain justu ere, Zuzendaritza Batzorde horretako kide da MONDRAGON Korporazioa, Arantzazuko Frantzizkotarren Probintzia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa eta Oñatiko Udalarekin batera. 

Aholku batzordean Mondragon Unibertsitatea

Era berean, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Arantzazulaben Aholku batzordean Mondragon Unibertsitatea ere izango da. Lankidetza sare erraldoi honen helburua eraldaketa da. Hain justu ere, eraldaketa handienak elkarlanean bultzatutakoak dira. Etorkizuneko erronkei eta gizartearen beharrizanei modu kolektiboan erantzungo die laboratorioak. Entzute aktiboa, hausnarketa, elkarlana, elkar-ikaskuntza, sormena, ezagutza eta hezkuntza partekatua izango dira gizarte berrikuntzan jauzia arrakastaz egiteko giltzarriak. Arantzazulab-ek lankidetza topagune eta sareak sustatuko ditu, askotariko pertsona, entitate, erakunde, eragile eta kolektiboekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen