Arantza Otaduyk Arrasateko emakumeak gogoratuko ditu asteburu honetako bisita gidatuetan

0
443

Arantza Otaduy historialari arrasatearrak Martxoaren 8a gertu dagoela aprobetxatu du ‘Arrasate, emakumeak ahazten dituen kale-izendegia’ ekimena bultzatzeko. Ekimenaren helburua emakumeek udalerriaren historian eta garapenean izandako garrantzia aitortzea da, baita hori udalerriko kale-izendegian islatzea ere.

Nola sortu zen proiektu hau eta nola ohartu zinen Arrasateko kale-izendegian emakumeen izenik ez dagoela?

Kaleen izenak aipatzean. Kale-izendegia oso errotuta dago, eta ez dugu toponimoen edota pertsonen izenen inguruko hausnarketarik egiten. Normaltzat hartzen dugu eta ez dugu horren arrazoia aztertzen.

Kale-izendegia historian zehar boterearen erakusleiho bezala erabili izan dugu. Gaur egungo Arano eta Garcia maisu-maistrak kalea lehen General Mola deitzen zen, eta Erdiko kalea Francisco Franco, eta ez da kasualitatea.

Hausnarketa horren baitan, eta historialaria naizenez, askotan agiri historikoekin lan egiten dut. Agiriok garai guztietako herriko emakume oso boteretsuak jasotzen dituzte. Ekonomikoki boteretsuak, herriarentzat ekimenak abiatu dituztelako edota bizipen bereziak izan dituztelako. Baina gure kaleek ez dute hori islatzen, bai ordea gizonezkoen ekarria.

Horren ondorioz, historialari ikuspuntutik, beharrezko ikusi nuen, Arrasaten kale berriak sortuz gero, lehenengo toponimoak lehenestea. Toponimoak gauza asko diosku hizkuntzari, historiari eta etnografiari dagokienez. Beharrezkoa da ere parekidetasuna lortzea. Egun ez da parekidetasuna betetzen, Arrasaten 30 kale baino gehiagok santu, errege eta gizonezko izenak baitituzte. Izen horiek guztiak ez dira emakumeenak.

Zein da Arrasateko egungo egoera?

Baditugu emakumezkoen izen batzuk, santen izen batzuk, Amabirginaren deitura batzuk,…

Kontzetzino kalearen kasuan, baliteke Sorkunde edo Inmaculada Concepción izatea, edo bertan garaian zegoen komentuaren izena hartu izana. Nik uste joera hori nagusi dela, eta Maalarekin, Santamainarekin edo Itxaropenarekin beste horrenbeste gertatzen da. Toponimiarekin lotura handiagoa dute.

Arrasaten bada emakume baten izena duen kalerik. Intxorta 1937 elkarteak egindako lan handi bati esker, bere garaian General Mola izeneko kalea, gero Maisu Arano kalea izan zen, eta duela urte batzuk Aranoren emaztearen abizena gehitu zioten kalearen izenari. Teresa Garcia eta Felix Arano, biak ala biak, oso garrantzitsuak izan dira Arrasateko hezkuntzan. Biteri Eskolako irakasleak izan ziren, Arano mutikoenak eta Teresa Garcia neskenak. Biek ala biek antzeko edukiak irakasten zituzten. Hortaz, legezkoa da biei balio bera ematea.

Hala ere, zer gertatu zaigu Teresa Garciarekin? Berriro ere albo batean geratu da, izan ere, kalearen izenean (‘Arano eta Garcia maisu-maistrak’) lehenengo ‘Arano’ dagoenez, kalearen izena laburbiltzean, Garcia baztertzeko joera dago. Teresa Garciak izugarrizko lana egin zuen Arrasaten eta arrasatearrentzat. Hala ere, ez da herrikoa, eta honek beste hausnarketa bat egitea eragin dit. Ez al daude Arrasaten jaiotako eta herriarentzat gauzak egin dituzten emakumeak? Bai, halako asko daude.

Zure ustez, zein dira gure kale-izendegian izen bat merezi duten emakumeak?

Izugarrizko zerrenda luze bat daukat. Askotariko emakumeak daude, eta horren inguruan arituko naiz antolatu ditudan bisita gidatuetan. Hainbat adibide etorri zaizkit gogora, baina horrek ez du esan nahi adibide horiek halabeharrez gauzatu behar direnik.

Niretzat Maria Asensio de Garibai oso garrantzitsua da. Garai hartan, bere lehengusu Esteban de Garibayk eta bere senarrak herrirako gura zuten ikastetxea gauzatu egin zuen. Bien ala bien azken nahia bete egin zuen alargundu zenean. Bere esfortzuari esker Arrasateko lehenbiziko ikastetxea sortu zen gure herriarentzat XVI. mendean, San Frantzisko ikastetxea eta komentua.

Bere garaian proposatu nuen Kulturateri Maria Asensio de Garibai izena jartzea, baina udal-araudiak ez du onartzen. Udal-eraikin publikoek izen bakarra behar dute. Aukeran, kultur-etxearen alboan dagoen lorategiari, Otalora Lizentziatua kalean, Maria Asensio de Garibai izena jartzea proposatu nuen. Zergatik? Bere obraren ondoan dagoelako eta ez duelako herritarren egunerakotasunean eraginik izango.

Badut beste proposamenik, Arrasateko kale-izendegian bada beste bitxikeria bat: Beste behin ere, hezkuntzarekin eta herriko garapen ekonomikoarekin harremana duten bi pertsonak, Pedro de Biteri eta Jose Maria Arizmendiarrieta, esparru publiko bana dute. Kasu honetan nik proposatu nuen Biteri plazari Celina Wood & Bland izena jartzea. Izan ere, Pedro de Biteriren emazteak bere diruarekin Biteri ikastetxearen sorreran lagundu zuen. Zergatik ez da keinu hori egiten? Horrela, gaur egun lortuko genuke hain beharrezkoa den kalitateko hezkuntzaren aipamena herriko guneetan agerian jartzea.

Honen inguruan eta Martxoaren 8a dela, bisita gidatuak antolatu dituzu Feeleuskadi, zure proiektuaren barruan?

Horrelako bisita gidatuak lehenago ere eginak ditut. Parekidetasunaren inguruko gogoeta egin nuen, eta nik zer ekarpen egin nezakeen alor pedagogikoan? Azken finean, Feeleuskadi Artean historiadore batek sortutako dibulgazio proiektu bat da, ez bisita gidatuak egiteko. Hots, herritarrei nik dakidana trasmititzeko proiektu bat da.

Martxoaren 8aren bueltan, nire asmoa da herritarrei Arrasaten emakume oso garrantzitsuak izan ditugula helaraztea. Ez soilik herrian, eskualdean ere emakume oso potenteak izan ditugu espektro oso zabalean: kirolariak, epaileak, bertsolariak,…

Askotan pentsatzen dut, historialariaren ikuspegitik, zein garrantzitsua den eta zein berandu izan dugun lehen emakumezko alkatea herri honetan. Ba hori da gure errealitatea. Baina gure errealitatean ere ehunka emakume ahazturik daude. Historia horiek gerturatzeko hasi nintzen bisita gidatu hauek antolatzen. Orduan ohartu nintzen historiako emakume horiek aipatzen duen kalerik ez dela gure herrian. Oso polita da ibilbidea egiten duzunean, pertsona bati buruz hitz egitea bere izena duen kalean bertan. Teresa Garciaren kasuan egin dezaket, baina ez beste emakume batzuen kasuan.

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak martxoaren 5ean (larunbata) eta 6an (igandea) izango dira, euskaraz goizeko 10:30ean eta gaztelaniaz eguerdiko 12:30ean. Parte hartzeko interesa dutenek Feel Euskadiren webgunean eman beharko dute izena: euskaraz / gaztelaniaz

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen