Azaroan, zubiko obrak hastean, ohartu ziren zati bat “egoera oso txarrean” zegoela eta Basterretxe etxeko jabeena zela. Bi aldeek hitzarmen bat adostu berri dute, eta zubia (Araba etorbideko beste obrak bezala) “apirilerako” amaituko dira.
Zubi hau berritzea Araba etorbidea berritzeko proiektuaren barruan kokatzen da, eta asmoa zen zubiko bide-zorua berritzea.
Horretarako, pasarelako obrak hasi zirenean, baldosa zaharrak kentzen hastean, zubiaren zati bat errekara jausi zen eta hainbat zulo agertu ziren. “Plataforma mehegia zen eta hauskorra zen”, udal-ordezkariek azaldu bezala.
“Ikusi genuen zubiaren zati bat (erdi bat) egoera oso txarrean zegoen”, adierazi du Hirigintzako zinegotzi Ibon Arrupek. “Beste erdia ondo zegoen”.
Hala ere, bere hitzetan, “zubiaren erabiltzeentzat ez da arriskutsua izan zubia urte hauetan guztietan erabiltzea”.
Obra horiek hastean, azaroan, ohartu ziren zubiaren egituraren “egoera kaxkarra”, baita zubiaren zati bat Basterretxe etxeko jabeena zela.
Izan ere, 1969an Basterretxe etxeko jabeek (zubiaren eta fabrika zaharraren artean dagoen etxekoek) lagapen bat egin zioten Udalari, euren lurretan oinezko pasabide bat eraikitzeko. Lagapen hori 5 urterako sinatu zuten.
Zubia egin zen, eta pasabide horrek ordutik erabilera publikoa izan du. Ondo-ondan Eskatu izeneko gunea dago, besteak beste, BM supermerkatua dagoen eraikina. Gune honetan industria-jarduera amaitu zenean (jarduera komertziala jartzeko), pabilioiari zatitxo bat kendu zioten, zubia zabalagoa egin ahal izateko.
Ondorioz, zubiaren ezkerreko aldea berriagoa da eta egoera onean dago. Eskumakoa, aldiz, “egoera kaxkarrean”.
Azaroan zuloak agertu zirenean, langileak bertatik atera ziren, zubia itxi zuten, eta teknikariek bertaratu behar izan zuten.
Zubia konpondu ahal izateko, lehenago Udala Basterretxeko jabeekin hitzarmen bat egin behar izan du. Izan ere, beraiena izan da pasabidearen azpian dagoen lokala.
Ondorioz, Udalak Basterretxeko jabeei planteatu berri die zubia erregularizatzea. Udalak gaur eskertu ditu “Basterretxeko bizilagunen eskuzabaltasuna eta jarrera benetan positiboa”.
“Baita San Josepeko bizilagunen, umezaintzako erabiltzaileen eta bestelako herritarren pazientzia ere, zubia azarotik itxita baitago”.
Ildo honetan, aipatzekoa da prentsaurrekoa egin bitartean, hainbat bizilagunek udal-ordezkariei zubia behingoz zabaltzea eskatu dietela.
Hitzarmena aurreko astean sinatu zuten Udalak eta Basterretxeko jabeek, eta ondorioz “honezkero herritarrena da”.
Hortaz gain, “Udalak zubiaren egoera erregularizatu behar izan du. Tramite administratiboen ondorioz, atzerapena izan da”.
Obrei laster berrekingo zaie, zubiaren eskumako aldea eraitsiz, zati berria egiteko. Horretarako, “forjatua botako da eta haga (biga) horizontalak jarriko dira”, Juan Antonio Urdangarin Hirigintzako teknikari buruak iragarri duenez.
Pasabide horretako beste zatian (erreka gainean ez dagoena), zementuz beteko da, “betelana egingo da, eta horrela Basterretxeko lokal bat kenduko da. Horma bat ere egingo da”.
Obrek 90.000 euroko aurrekontua dute, eta Basterretxeko zubiaz jabetzea “ez du kosturik izan Udalarentzat. Horren truke adostu dugu bertan egin beharreko saneamenduko lan txiki batzuk Udalaren kontu egitea”.
Udal-arduradunek gaur adierazi dute berritze lanak bukatzeko azken eguna martxoaren 31 izango dela, eta ondorioz “apirilerako berrirekiko” dela. Orokorrean, “Araba etorbideko obrak ere apirilerako amaituko dira”.