Aprendicesko haur-parkea dela eta [Testua: Haur eta Guraso Asanblada]

1
1372

Aprendicesko haur parkea dela eta, Haur eta Guraso Asanbladak hurrengo gogoeta eta kexa adierazi nahi genioke Arrasateko Udalari:

  1. Ados gaude gure herriko jolas parkeak eraberritzearekin eta herrian prosezu partehartzaileak sustatzearekin eta denon eritzia kontutan hartzearekin, baina ez gaude ados proposatzen diren jolas parke ereduekin.
  2. Azken urteetan Arrasaten berriztu diren haur parke guztien ereduak molde, jatorri, helburu… berdinekoak direla ikusi dugu. Proposatzen diren haur parkeak elementu artifizialez osatuak daude gehienbat, denak kautxozko lurzoruaz, kolore biziekin eta plastiko edo metalezko egiturak gailentzen dira. Alde batera uzten dute, egurraren naturaltasuna, goxotasuna eta lehuntasuna, eta lurzoru naturalaren aukera.
  3. Jolas parke guzti hauetako lurzorua kautxozkoa da, petroliotik eratorritako materiala, guztiz homogeneoa, beraz, haurrek irudimen eta jolas-aukera gutxirekin aurkitzen dira. Kautxoari ezin zaio lurrari bezala ur pixka bat gehitu, buztinezko zopa aberatsak egiteko, eta ezin zaio belartxo bat kendu zopa horri fideoak eransteko. Ezin dugu makilatxo bat hartu harearen gainean eguzki handiak marrazteko, edo nabigatzeko itsasontzi erraldoiak, ezta gure lehen letrak lurrean idatzi ere (irakurketa-idazketa maitatzeko aproposa). Eta hori gutxi balitz, udan, eguzkiak erretzen duenean, lur horien gainean bazaude, eguzkiak erretako plastiko usain bizia arnasten dugu.
  4. Ebidentzia zientifikoak frogatzen du haurrek konexio handia dutela naturarekin. Eta ez hori bakarrik, frogatuta dago haurrek (eta helduek) egunero denbora behar dutela naturan, estresa murrizten laguntzen baitie eta, gainera, denbora horrek osasun orokorrean eragiten baitu, haurren kontzentrazio- eta arreta-gaitasuna bultzatzeaz gain. Gure ustez bereziki interesgarria da haurrek jolastoki natural bat izatea herrian, denontzat eskuragarri, haurren osasunari mesede egingo diona eta ingurunearekin eta, bereziki, naturarekin lotura eta denbora izatea erraztuko duena.
  5. Uste dugu orain arte proposatu zaizkigun jolas parke hauek erabat mugatzen dutela haurraren sormena eta estimulazioa.
  6. Lurrez eta belarrez betetako parkeak nahi ditugu, ezin hobeak direlako erorikoak lehuntzeko, eremu oso industrializatuetan bizi garelako, eta mendiak hor dauden arren, ez ditugulako egunerokoan eskura.
  7. Ez ditugu haurrak jolas parkeetan mugatuta ikusi nahi. Haurrei egokitutako herria behar dugu.

Natur elementuekin osatutako parkeak izugarri ugaritzen ari Europa osoan eta baita gure inguruko herrietan. Asko prozesu parte hartzaile eredugarrien bidez landuak, bertako ingurunearekin bat datozenak eta jasangarritasun irizpide eta materialekin eraikiak. Hona hemen adibide batzuk:

BARATZEKO PIKUA (OÑATI)
SAN MARTIN ESKOLAKO PATIOA (BERGARA)
BEILATOKIKO PARKEA (ELGETA)
ITSASONDOKO PLAZAKO PARKEA (GIPUZKOA)
SAN GREGOIO JOLAS-PARKEA (ATAUN)

Europako beste jolas parke natural batzuk:

Kontuan hartuta jolas parke naturalen aldarrikapen hau ez dela berria eta lehendik ere egon direla herrian mota hauetako eskaerak, zera eskatu nahi diogu Arrasateko Udalari:

  1. Aprendiceseko parkea eraberritzeko aukeren artean jolas parke naturalak egiteko
    aukerak jartzea bozketan.
  2. Haurrentzat diseinatzen diren etorkizuneko espazioetan elementu naturalak
    integratzeko konpromisoa hartzea.
  3. Haurrentzat diseinatzen diren etorkizuneko espazioetan herriko haur, guraso eta
    beste eragileen parte hartze aktiboa sustatzea.

Gure eskaera kontuan hartuko duzuelakoan, eskerrik asko.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen