Aprendiceseko obrak Moyuari esleitu dizkio Plenoak “obrei irailean berrekiteko”

1
694

EH Bilduk ohartarazi du oraingo esleipenak aurrekoaren arrisku berbera duela: “Udalak kalkulatu du egiteke dauden obrek 4’9 milioiko kostua izango dutela, baina esleipena jaso duen konstruktorak 3’9 milioiko proposamena aurkeztu du”. Udal-gobernuak iragarpenaren arabera, Juan Arzamendi Musika Etxea “2022ko hasieran martxan izango da”.

Argazkia: MB artxiboa.

Plenoaren gehiengoak onartu zuen Lurgoien konstruktorari Aprendices zaharberritzeko obrak esleitzea, 5’8 milioiren truke. Hala ere, obrak hasi eta gutxira lur kutsatuak atzeman zituzten.

Horrek obrak gelditzea suposatu zuen, eta garai hartan enpresak gutxienez 80.000 euroko kalte-ordainak eskatu zizkion Udalari. Administrazioak, baina, ez zion zenbatekorik ordaindu. Konstruktorak obrak utzi zituen, “porrot” egin zuela argudiatuz.

Hortaz gain, Udaleko agiri tekniko batek obretan irregulartasunak izan zirela ohartarazi zuen, LKS Ingenieria tartean zela, eta oposizioko EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek irregulartasun hauek salatu zituzten.

Alkateak gaur goizean prentsaurrekoa eman du, eta esan duenez Lurgoienek egin zituen obrek “2’5 milioi euroko” balioa dute.

Izan ere, “oinarriak, eskabazioak, fatxaden egonkortzea, geotermia, sotoko banaketa, beheko solairukoa, lehenekoa, eta bigarrenean zerbait egiteko falta da”.

Ondorioz, egiteke daude batez ere bigarren solairua amaitu, “hirugarren solairua, leihoa jartzea, azken solairuko kristalak, aklimatizazioa, instalazio elektrikoa, megafonia, suteen aurkako sistema, fontaneria, aroztegia eta aretoa”.

Udalak Lurgoienen abal bat gauzatu zuen, 239.000 eurokoa, eta zenbateko horrekin obra hauetako “gastu gehigarri guztiak” ordaindu ditu: “Obrak geldi egotean eraikina babesteko lanak, fatxadan zegoen estatua gordetzea, jartzeke zeuden leihoak eta proiektuaren berridazketa. Horiek ordainduta, 6.200 euroko soberakina dugu”. Estatuaren harira, Udalak ukatu du artelan hori lapurtua izan zenik.

Obren adjudikazio berriak “6 hilabeteko epea ematen dio obra guztiak amaitzeko”. Obrak “irailean” berriro hastekoak dira, eta horren arabera “2022/2023 ikasturtea bertan egin ahalko da”.

“Obrek ez dute atzerapenik izango” Arrasateko Udalak, Lurgoienen itxieraren konkurtso prozeduran, “hartzekodun bezala aurkeztu izateagatik”, Udalak prentsaurrekoan ziurtatu duenez.

Alkateak azpimarratu du gai honetan “kalterik handiena atzerapena da. Hiru urte galdu ditugu, eta Arrasate Musikal besteak beste itxaron dago”.

Gaur arratsaldeko Osoko Bilkurak JAMEren gaia jorratu du, eta Udal-gobernuak azaldu du “obrek geldi egon bitartean, udal-teknikariek lan handia egin dutela, obrei berrekiteko”. EAJ-PNVko Anuska Ezkurra zinegotziak iragarri duenez “irailean obrak berriro martxan jarriko dira”

EH Bilduk adierazi du “etxeko lanak herritarrei azaltzea oso garrantzitsua dela”, eta Lurgoienek “porrot egin zuen, eskaintza temerario bat egin zuelako, eta orain gauza bera gerta daiteke”.

Udalak kalkulatu du obrak amaitzea 4’9 milioi euroko kostua izango duela, baina Moyuaren proposamena 3’9 milioikoa izan da. “Horrek gero gainkostuak ekarriko ditu” eta ondorioz “esleipena lortu duen enpresak denborarekin dirua berreskuratuko du”.

“Nola da posible Udala kalkulatzea obrek 4’9 milioiko kostua aurreikustea eta 3’9 milioitan esleitzea?”. “Gu abstenituko gara”.

Elkarrekin Arrasatek gaitzetsi du egitasmo honetan “zenbat atzerapen eta inprobisazio izan diren”. “Ez dira pandemiaren ondorio izan”, eta Udal-gobernuak “onar ditzala txarto egin dituen gauzak”.

Udal-gobernuak erantzun du “Moyuak txosten teknikoan duen balorazioa oso altua dela. Hau da, Udalak ez du esleipena edonola egin”. Alde horretatik “Udalak erabakirik onena hartu du” eta ziurtatu duenez “2022ko hasieran JAME martxan izango da”.

EH Bilduk erantzun du “ea epeak betetzen diren, eta gu ere poztuko gara JAME funtzionamenduan jartzean”. EAJ-PNVek argi utzi nahi izan du “Lurgoienek ez zuela eskaintza merkeena egin”. EH Bilduk argi utzi nahi izan du “Lurgoienek 1’2 milioi jaitsi zuela” eskaintza. Debatearen ostean, hauek izan dira bozketaren emaitzak:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Abstentzioak: 8 (EH Bildu)
  • Aurkako botoak 1 (Elkarrekin Arrasate)

Informazio zabalagoa, beheko bideoan -01:46:04 unetik aurrera:

Iruzkin 1

  1. Obren esleipenen azpijokua azaldu dau gaur Bilduk eta ondo dau, danok jakiteko zein dan jokua, a ver arrazoia dauko eta eskeitutako baino geixau kobretan dauen moyuak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen