Gaur eguerdian aurkeztu dute ofizialki Debagoineko Antzerki Plataforma Elorriegiko biribilgunean. Debagoieneko herrietako antzerki elkarte ezberdinek osatua, 2017an hasi ziren lanean antzerkia eta euskara bultzatzeko helburuarekin. Aurkezpenean Iurgi Etxeberria, Amaia Gaztainaga, Maitane Arizabaleta, Nerea Atxa, Josu Zubia eta Jon Zubiaga izan dira.
Testua: DAP.
Zer da DAP?
Debagoieneko Antzerki Plataforma (DAP) bailarako antzerki eragileen arteko sare bat da. Batera lan eginez, euskarazko kultura eta antzerkiari gure gizartean dagokion tokia eta garrantzia emateko lan egiten dugu. Antzerki eragile gisa, urteetan zehar kultur lanaren prekarizazioa, profesionalizazio falta, hobbie moduan ikusia izatea, baen dugu. Debagoieneko egungo kultura sustatzea eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea da gure helburua, izan ere, antzerkigintza, eta kultura orokorrean, gizartearen
eraldaketarako giltza bezala ulertzen dugu.
Zergatik DAP?
Antzerki eragile gisa, urteetan zehar kultur lanaren prekarizazioa, profesionalizazio falta, hobbie moduan ikusia izatea, babes falta eta gure lanaren garrantzia aitortua ez izatea izan dira gure egunerokotasuna. Hiriburuak izan dira beti kultur lanaren eta kulturgileen elkargune, herrietan eta Debagoiena bezalako bailaretan hauen presentzia minimoa izan delarik. Aldi berean, bakoitzak bere aldetik lan egiteko joera izan du; honek gabezia handiak sortu ditu eta honez gain, krisialdien aurrean erantzuteko gaitasuna txikitu du. Hala bada, orain inoiz baino gehiago, horri aurre egiteko beharra ikusi dugu, eta horregatik sortu dugu DAP.
Zer egiten dugu? Nola? Eta zertarako?
Elkarte moduan 2017an sortu zen arren, 2021ean ekin genion indarrez bide berri bati: D2030 egitasmoaren baitan, urtebetez DAP proiektu kulturala garatzeko eta martxan jartzeko aukera izan dugu. Honi esker DAPek eskala aldaketa bat izan du eta bailara
mailako proiektu bat diseinatu dugu. Horretarako, hainbat lan lerro jarriko ditugu martxan. Egia esan, horietako bi dagoeneko, martxan daude: DAP FORMAKUNTZA eta DAP KOMUNIKAZIOA.
Zergatik lan lerro diferenteak? Uste dugulako proiketu integral bat diseinatu eta martxan jarri ezean, eragiteko indarrak nabarmenki gutxitzen direla. Beraz, hauek dira landuko ditugun lan lerroak: DAP FORMAKUNTZA, DAP BIDELAGUN, DAP PLAZARA!, DAP SORMENA eta DAP KOMUNIKAZIOA.
Lan lerroak:
DAP FORMAKUNTZA: Antzerki formakuntza zabala eta anitza eskaini nahi dugu, bailarako biztanle guztiei zabalduta, haur, gazte zein helduentzako, hezkuntza formalean eta honetatik kanpo. Antzerkia norberak bere azalean bizitzeko aukera izan dezan, eta
ikusleen eserlekutik mugitu eta geure gorputza erdigunean jartzeko. Egun, Debagoieneko hiru herritan daude antzerki eskolak, Arrasaten (Doke Antzerki Eskola), Bergaran (Jardun Euskara Elkartea) eta Oñatin (DAP eta Irazan Antzerki Gunea). Horretaz gain, tailerrak proposatuko dira gainerako herrietan, taldeen sorrera bultzatzeko. Bestalde, Iufala! eta Baliatu programen bidez, Debagoieneko 13 ikastetxetan antzerki eskolak jasotzen dituzte kurrikulumaren barruan LH 5. eta 6.mailako eta DBH 1. eta 2.mailako haur eta gazteek.
DAP BIDELAGUN: Bidelaguntza, gutaz gain, antzerkiaren aldeko apustua egiten duen edonorekin elkarlana bultzatzeko desioari erantzuteko asmoz sortu da. Antzerkia bultzatu nahi dituzten proiektu eta egitasmoei babesa eskaini nahi diegu, hauek aurrera
eramateko ditugun baliabideak eta ezagutzak elkarbanatu oinarri sendoak eraikitzeko eta iraupena zein autonomia bermatzeko.
DAP PLAZARA!: Antzerkiaren aldeko apustuan programaketan ere parte hartu nahi dugu, horregatik, DAPen egiten ditugunak plazara atera nahi ditugu, prozesuok herritarrekin elkarbanatzeko eta antzerkiaren hainbat alderdi plazaratzeko. Horretarako antzerkiak bailarako herri guztietako kaleak eta antzokiak hartzeko lanean dihardugu proiektu ezberdinen bidez. Horretaz gain, bailarako programaketan eragin nahi dugu, udal eta kultur eragile ezberdinekin kontaktuan jarri eta antzerki garaikide eta eraldatzaile baten aldeko apustua egiteko bitartekaritza egin.
DAP SORMENA: Antzerki sormena bultzatu nahi dugu, non prozesuak berebiziko garrantzia izango duen, eta ez bakarrik emaitzak; honenbestez, bideak, egindako lanak, harremanak, akatsak, arrakastak eta gatazkak protagonista bihurtuko dira. Horretarako
arte eszenikoetako proiektuak diruz, espazioz eta bidelaguntzaz lagunduko ditugu, eta beraien prozesuaren zati den ekintzaren bat herritarrei eskaintzeko eskatuko diegu, antzerkiaren eta sormenaren alderdi ezberdinek ere tokia izan dezaten kultur
programaketan.
DAP KOMUNIKAZIOA: Egiten dugun guztia eta antzerkiaren inguruan egiten den oro komunikatzea oso garratzitsutzat jotzen dugu, bailarako biztanleek ezagutu dezaten eta beraien kultur imaginarioaren barruan antzerkia bere formatu anitzetan agertzen has dadin.
2022rako asmoak
Urteko lehenengo sei hilabeteetan formakuntzarekin jarraituko dugu eta talde jarraiak sortu ez diren herrietan antzerki tailerrak proposatuko ditugu. Horretarako, Antzerki Inprobisatuko ikastaroa egongo da otsailean eta martxoan, 3 saio egingo dira, bata
Elgetan, beste bat Aramaion eta azkena Eskoriatzan. Formatu berdinean apirilean eta maiatzean Clown ikastaroa egingo da.
Honekin batera, DAP Bidelagun martxan jarriko dugu eta horretarako, Debagoieneko hainbat herri eragilerekin topaketak antolatuko ditugu, DAPen ibilbidea elkarrekin landu ahal izateko eta guztion artean Debagoienako etorkizun kulturala imajinatu ahal izateko.
Honen ostean, ikasturtea amaitzeko, Debagoieneko Antzerki Jaialdia ospatu nahi dugu eta lau egunetan zehar bailarako herri guztietan ekintzak antolatu nahi ditugu. Hurrengo kurtsora begira, DAP Formakuntzako antzerki eskolak eskaintzen jarraituko dugu,
gaur egun ditugun taldeak mantendu eta berriak sortzeko desirarekin. Horretaz gain, programaketan eta sormenean eragiteko, udazkeneko antzerki programaketa proposatuko dugu irailetik hasi eta urte amaierara arte. Honen berezitasuna izango da, ekintzak ez direla ohiko espazioetan egingo.
Hau dena gertatzeko, hainbat herri eragileren babesa eta laguntza ezinbestekoa izango da eta dei egiten diegu bailarako herritarrei, kulturgileei, udaletxeei, enpresei… ekintzetan parte har dezaten, sare honen parte izan daitezen, eta gurekin batera bestelako bide bat jorratzen lagun diezaguten.
Horretaz gain, jakinarazi nahi dizuegu, larunbat honetan, hilak 29, Debagoieneko herri guztietan zehar ibiliko garela DAP aurkezten. Goizean Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Aramaion, eta arratsaldean Bergaran, Elgetan, Antzuolan
eta Oñatin.