Antikapitalistak: “Muturreko zentroa eta abstentzioa, emoziorik gabeko hauteskundeetan”

1
599

Igor Urizar arrasatearrak, Antikapitalistak erakundeko ordezkari gisa, hauteskundeen inguruko balorazioa egin du, herri mailan eta erkidego mailan.

Argazkia: Mondraberri artxiboa.

Muturreko zentrua eta abstentzioa, pultsorik gabeko kanpaina eta emoziorik gabeko hauteskundeen laburpen.

Abstentzioa %47-an kokatu da. Hau da, herritarren erdiak uko egin diote bozka eskubideari, partaidetza baxuena EAE-ko hauteskundeen historian eta azken hamarkadako joera baieztatuz.

Gertakari honen arrazoiak alde batetik azken hilebeteotan bizi izan dugun osasun krisi larrian daude, COVID19 positiboen igoera hauteskunde egunaren atarian, jende asko etxean geratuz kutsadura arriskuaren ondorioz. Beste aldetik, egutegiak ere izan du zer esanik, udara izanez herritar ugari oporretan bait zegoen. Baina batez ere ezin dugu arrazoi politikoa alde batera utzi: ezkerraren gaitzustea eta gaitasun eza PSE-EE sozioliberalen babesarekin EAJ-ren hegemoniak eratzen duen “muturreko zentrua”-ri proiektu alternatibo sinegarria kontrajartzeko. Klase popularren aldetik ezkerretiko alternatiba erreal bezala ikusi daitekeen proiekturik ezean, asko etxean gelditu dira.

Galtzaile handia Elkarrekin Podemos izan da, faktore anitzetan oinarritzen den erabateko porrotarekin. Naiz estatuan edo erkidegoan, errejimenarekiko haustura alternatiba izateari uko egin dio eta PSOE-ren menpean ezarri da, egoera honen adierazle nagusia estatuko koalizio gobernua izanik. Edonolako proposamen eta programa rupturistak alboratu ditu eta alderdiaren lurraldekotasuna eta inplantazioa oso ahulak dira Euskadin, beste lurraldeetan aula izanda, hemen are ahulagoak. Akats estrategiko larriak burutu zituen EAJ-PSE tandem-aren aurrekontu neoliberalak onartzean edota errejimenaren alderdiekin eta patronalarekin bat egitean greba orokorraren auzian. Langileria eta mugimendu sozialekin zituen erro finak guztiz deuseztatu ditu. Euskadirako proiektu, erreferente, diskurtsu edo proposamen bereizturik gabe eta klase popularrei arrotz egiten zaien hautagaitza aurkeztuta, zituen hautesleen erdia baino gehiagok utzi egin ditu. Egun, ez du inongo ilusiorik sortzen.

EHBilduk igoera lortu du izugarriko abstentzio testuinguruan. Bozka zenbakitan haztea lortu duen alderdi bakarra eta eserlekuetan hazkunde handiena izan duena. Elkarrekin-en erorketaren zati bat bereganatu du eta aldi berean tradizionalki inguruan dituen sektoreak mobilizatzea lortu, M15 zikloaren baitan desilusioan edo beste aukera batzuetan zeudenak.

Arduraz ikusten dugu igoera honek eragin duen triunfalismoa, kontuan izanez ezker abertzalearen emaitza hoberenetatik urrun gelditu direla. 25.000 bozken igoerak, zati baten Elkarrekin-en galeratik ateratakoa (hala ere esan beharra dago seguruenik azken hauen 50.000 boto baino gehiago abstentziora joan direla), bere posizio instituzionalak areagotzen ditu baina motz gelditzen da EAJ eta PSE-k eratzen duten muturreko zentruaren indartzearen aurrean.

Aipatutako klase popularren zati handi baten desafekzioak, ezkerreko herriarena, errealitate bat da eta EHBilduko zuzendaritza ere arduratu beharko luke honek. Kanpainan azaleratu duten nahaste estrategikoa kezkagarria da, ezkerreko tripartitoa aipatzen zuten bitartean abertzaleen arteko akordioa ere eskatuz. Posible ikusten ahal du EHBilduko zuzendaritzak nazio akordio bat burutzea kapital eta euskal burgesiaren ordezkariekin? Emaitzen irakurketan aipatu dute 45 urtetik berakoetan indar bozkatuena izan direla eta koalizioak defendatzen dituen balioak gero eta gehiago herrialdearen balioak direla (hainbat alditan errepikatu duten esaldia azken egunotan). Hitz hauek orain dela ez asko Podemos-eko zuzendariek egiten zituzten adierazpenak gehiegi gogorarazten dizkigute, gaur egun ezerezean gelditu direnak.

Historiak behin eta berriz irakatsi digu ez dela lineala, ezta indarren hazkunde mekaniko eta graduala. Azken finean, euskaldunon errealitatea muturreko zentrua beste 4 urtez pairatu beharra da, eta hauek datorren krisian jazarri nahiko diguten kudeaketa neoliberala.

Hauteskundeetako irabazle nagusia errejimenaren euskal bipartidoa da, muturreko zentrua, 55.000 bozka galdu dituen arren. Gehiengo absolutu erosoa. M15 ziklotik susperturik atera dira, botere esparruak berreskuratuz eta indartuz EAJ eta baita PSE, maila txikiagoan. Ateak zabalik izango dituzte euskal langileriaren aurkako politika neoliberalak.

PP+Cs eta Vox-en eskuin muturrak emaitza txarrak izan ditu. 50.000 boto baino gehiagoko galera izan dute eskuin espainolistek, partaidetza baxuak Araban Vox-en ordezkari bat eragin duen arren. Zarata egingo du, baina epe motzean ez du entzule ugaririk izango Euskadin. Hori bai, askoz erabilgarriagoa izango zaio eserlekua Ebro azpian. Hala ere, Alderdi Popularrari ez dio ongi irten eginiko biraketa ultrak, 50.000 bozka eta 4 eserleku utzi baititu bidean.

Errejimen honekin hautsi nahi duen ezkerraren eginbeharrak indarrean jarraitzen dute eta inoiz baino premiazkoagoak dira. Euskal burgesiaren klase alternatiba errealaren eraikuntza.

Euskal Herriko herri eta auzoetatik, baina baita estatuko beste herri eta langileriekin aliantzak ehundu eta borroka eta mobilizazioak koordinatzea gai dena. Modu erradikal batean alternatiba demokratikoa, feminista, ekosozialista, soberanista eta internazionalista. Edo alternatiba hori artikulatzeko gai gara; mugimenduei eta borroka prozesu errealei lotua, bidezidor insituzional estuak zabaldu eta gaindituz, bidea jende eta tradizio anitzekoekin eginez… edo muturreko zentrua akatzeko aukerak urriak izango dira. Hau da Antikapitalistak erakundeak bultzatzen duen proposamena.

Erkidego mailan bezala, abstentzioa izan da lehena Arrasaten, partaidetza Euskadin baino pixkat altuagoa izan den arren (%55’3). Osasun krisiaren egoerak atzera bota du jende asko (eta egunak aurrera doazela arrazoi guztiarekin) baina datuak ikusita ezkerretik egon dira jario handienak. Abstentzio handi honek datuen irakurketak distorsionatzen ditu eta botoen jeitsiera eserlekuen igoerarekin eman dela kasu batzutan. Hala ere, irakurketa politiko erabilgarriaren mesedetan, ezkerreko gehiengoa proiektatzearen alde, bozken igoera-jeitsieraren bidez irakurriko dira.

Arrasaten EHBildu izan da garaile nabarmen. Objetiboki, faktore anitz kontra izanik (partaidetza baxua, post-pandemia eta ezkerraldetik desmobilizazioa) 244 bozka gehitu ditu, 2016-an baino %7 gehiago. Alderdiak ez du Gipuzkoan izan hazkunderik hoberena eta halere Arrasaten lurradeko media baino gehiago haztea lortu du.

EAJ-PNV-k 228 bozka utzi ditu bidean eta lehenengo postua EHBilduri laga dio. Batzokian zalantzak zabalduko dira zeren dinamika aldatzaile izan liteke eta 8 urteren ondoren testigua ezker abertzale instituzionalari bueltatuko litzaioke alderdi bozkatuen bezala. Hala ere, jeltzaleek Gipuzkoan orokorrean izan dituzten emaitzak hobetu dituzte Arrasaten, ia puntu erdi hobe (6’7-ko jeitsiera izan dute bozka zenbakietan lurrandean eta 6’3 udalherrian) eta gainera ikuspegi historiko baten, jeitsieraz at 8 urte aurretik irabazitako esparru asko finkatu dutela dirudi.

PSE ondo mantendu da eta aldaketa gutxien izan dituen indarra da. 4’3-ko jeitsiera izan du botoetan, 50 papeleta besterik ez ditu utzi testuinguru zail batean. Abstentzioaren logikaren aldi berean gobernuko alderdi handi eta “erabilgarri” bezela saltzea lortu du bere burua, estatuko koalizioaren ekimenari etekina ateraz (Unidas-i gertatu zaion kontrakoa).

Elkarrekin Podemos koalizioak danbateko handiena eraman du bozka mailan (878 gutxiago, %54’8-ko jeitsiera), Gipuzkoako mediatik pixkat hobeago. Ezkerretik desagertu diren botoen maila handia, abstentzioa alde batera utzita, Elkarrekin esparrutik erori dira. Hauteskundez hauteskunde tendentziak ez dira bat ere itxura onekoak eta horrela jarraituz hurrengo udal hauteskundeetan eman daitekeen paradoja da, lehen indarra ezkerrekoa izan arren, gehiengorik ez lortzea jeltzale eta “sozialisten” aliantza medio.

Portzentaietara begiratuz, Alderdi Popular eta Ciudadanos-en akordioak eramandu galera handiena. 356 boto galtzeak %59’2-a bidean uztea suposatu die. Gipuzkoan izan duten baino galera nabarmenagoa (%56’2). Arrasaten nabarmena da eskuin muturreruntz doazen diskurtsuak ez daukatela non errotu. Gauza bera Vox-ekin zorionez; estatuko hauteskundeetan (Euskadikotara ez ziren Arrasaten aurkeztu) baino 58 boto gutxiago lortuz, 126-tik 68-ra.

Ikus daitekeenez, ezkerrak badu zertaz arduratu. Ezkerretiko estrategia instituzionalisten mugak agerian geratu dira, mobilizazio eta borrokarik gabeko udal gizarte baten testuinguruan oso posibilitate urriak bait daude eskuin kontserbadore eta liberalei eskua biurritzeko. Desmobilizazio egoera hau aldatzea ezker eraldatzailearen lehen mailako eginbehar izan beharko litzateke, instituzio ertsietan indar eta esfortzu antzurik xahutu gabe. Bai erkidego mailan eta baita Arrasaten, badago herria azpitik lotu eta mahai joko hau aldatu dezakeen gizarterik. Plurala eta demokratikoa izan beharko du derrigorrez, baina ezinbesteko izango dugu berehala eraikitzen hastea.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen