Miliziano eta erbesteratu arrasatearraren ilobak, Sady Arenas Uriartek idatzi du liburua, Intxorta 1937 elkarteak argitaratuta. Egileak Arrasaten zein Parisen aurkeztu du.
Argazkiak: Intxorta 1937.
Espainiar estatuko demokraziaren aurkako kolpe militarraren ondorioz, 1936an gerra lehertu zen.
Jaime Uriarte Cestona arrasatearrak, esaterako, Union Cerrajerako langile, Intxortan miliziano jardun zuen.
Gerraren ondorioz erbesterako bidea hartu behar izan zuen, eta frantziar estatutik Winnipeg ontzian ihes egin zuen, euskaldun ugarirekin bat, Txilera.

Itsasontzi hartan Fernando Uribesalgo Icaran arotz eta Rogelio Izarra Ijalba maisu arrasatearrek ere alde egin behar izan zuten.
Uriarte Cestonaren ilobak, Sady Arenas Uriarte txiletarrak bere aitonaren inguruan ikertu du, bai eta liburua idatzi ere:
‘Jaime Uriarte Cestona. Miliciano en Intxorta, exiliado en el Winnipeg’. Intxorta 1937 elkarteak argitaratua eta Arrasateko Udalak lagunduta.

Goian aipaturiko beste bi arrasatearrak ere argitalpeneko protagonistak dira, Dragones eta JSUko milizianoak.
Sady Arenasek aurreko asteko asteazkenean Kulturaten aurkeztu zuen, hain zuzen, Egiarekin Topaketak ekimenaren egitaraua osotuz.

Gauza bera egin zuen Parisko La Casa de América Latina etxean, aurreko astean, Txiletar Preso Politiko Ohien Elkartearen eskutik.
Arrasateko aurkezpenera itzulita, Intxorta 1937ko Juan Ramon Garai Bengoak honako bi bertsoak abestu zituen:
Urriaren bostean
hogeta hamalauan
Mondragoe hartu zenuten
langile iraultzan
denon berdintasuna
lortzeko asmotan
republika soziala
zuen ametsetan.
Donostian ta Intxortan
gudariak erori
Lemoan eta Euban
bai eta ugari
bizia eman zenuten
Mazukon Bizkargin
Katalunian Ebron
Asturias ta Euskadin.




