Maite Urzain doluan adituak eman du hitzaldia, eta gomendatu du gabonen aurretik “familian bileratxo bat egitea”, familiako “kide guztiek hitz egiteko denbora izanda, norberaren beharren inguruan”. Bilera honetan “baimena eta errespetua beharrezkoak dira”.
Maite Urzain arrasatearra dolu terapeuta eta irakaslea dugu. Osakidetzan erizain dihardu, Geriatrian eta Osasun mentalean espezializaturik.
Gainera, AmaiDolua Elkartearen sortzaile eta lehendakaria da, elkarte hau irabazi-asmorik gabekoa izanda, “dolua jasaten ari diren pertsonak hartzea, aholkatzea eta laguntzea” xede.
Elkarteak gaurko hitzaldia San Felipe Elkarlaguntzarekin antolatu du, Arrasateko Udala eta IPIR Institutua lagun.
Hitzaldia gaur arratsaldean egin da Kulturaten, zortzigarren urtez, ondoko goiburuarekin: ‘Gabonak etxean norbait falta denean’.
Maite Urzainek hitzaldiaren hasieran bereziki eskertu die dolu jasaten ari diren pertsonak hitzaldiraino joan izana.
Izan ere, “doluan gaudenean ezberdin sentitzen gara, bai fisikoki, emozionalki zein mentalki. Beste energia batean bizi gara, baina gabonak direnean bereziki sentitzen gara bi erritmo oso ezberdin daramatzala munduak”:
“Alde batetik, gabonetako argiak piztuta daude, ematen du jende guztiak pozik egon behar duela, ospakizunetarako prest, opariak,… Baina doluan dagoen jendeak batzuetan ez du batere gogorik horretarako”.
“Horrek ez du esan nahi pertsona batzuek gogoa ez dutenik, baizik eta errealitate oso ezberdinak bizi direla”.
“Horixe azaldu nahi dugu guk, testigantzen bitartez, eta azaltzen dolu bakoitza historia bat dela, familia bakoitzak modu oso ezberdin batean bizi dezakeela. Horregatik testigantzen eredu ezberdinak jarri nahi izan ditugu”.
Hitzaldi hau gabonak baino lehen egin ohi da, “bestela, fetxa hauek gu konturatu orduko zanpatu egiten gaituzte, eta ordurako oso estresatuta eta krispatuta gaude”.
Hitzaldia gaur egin da, abenduaren 17an, “entzuleek euren burua kokatzeko, eta ondoren irizpide orokor batzuk” eman dituzte “testigantzetatik jasoak”.
Gomendio nagusiena da “familian bileratxo bat egitea, eta gomendio honen harira, lehengoan galdetu zidaten ‘baina nola egin bileratxoa familiako kide bakoitza une ezberdin batean egonda?’.”
“Bakoitzaren unea errespetatu behar da, eta baliteke amama doluan egoera batean egotea, aita beste batean egotea, eta umea beste batean”.
Bileratxo posible horretan “denok izango dugu hitz egiteko denbora tartea, baita denok entzunak izateko ere, gure beharren inguruan”.
Doluan dauden pertsonak “animatzen ditugu bestelako gabonak sortzera, izan ere, ez da beharrezkoa” gabonen prototipoa jarraitzea.
Orain arteko “gabonetatik orain balio dizkizuten elementuak manten itzazu, gainezka egitea eragingo dizuna kendu ezazu, eta zerbait berria sortu behar baduzu sortu”.
Izan ere, “ez dugu zertan oparo bazkaldu behar, eta horren ordez agian on egingo digute mendi-buelta bat egiteak eta salda baten bueltan batzeak”.
“Agian familiako kide batzuek gauza batzuk beharko dituzte, eta beste kide batzuek beste gauza batzuk. Hori errespetatu beharra dago”.
“Horren inguruko presioak egon ohi dira adibidez galderen bitartez: ‘Ez zara ospatzera etorriko?’, ‘Bakarrik utziko gaituzu?’ eta antzeko galderak”.
“Baliteke pertsona bati on egitea gabonetako egun horretan bere etxean goxo egotea, liburu bat irakurtzen izatea, eta hori egiteagatik ez da ezer txarrik gertatzen. Hurrengo urtean ospatuko ditugu gabonak”.
“Beraz, batez ere baimena (norberaren buruarentzat eta maite dugun jendearentzat) eta errespetua behar dira”.
Ekitaldian ere zuzeneko musika izan da, besteak beste, Benito Lertxundiren ‘Itsasoari begira’ kantarekin:




