‘Ángeles de guarda’ erakusketa inauguratu da Emakume Txokoan

0
283

Bidez Bide elkarteak, Emakume Txokoarekin elkarlanean, ‘Ángeles de guarda’ erakusketa inauguratu du gaur arratsaldean Emakume Txokoaren egoitzan. Bidez Bidek aholkularitza eta laguntza ematen die, batez ere, etxeko zerbitzuan eta zaintzan lan egiten duten emakumeei. Argazkietan, hegoaldeko herrialdeetatik, Latinoamerikatik, emigratzen duten milaka emakumeren nazioz gaindiko migrazio-errealitateak eta jatorrizko herrialdean geratzen diren seme-alabekin dituzten harremanak erakusten dira.

Rosa Villafuerteren argazkien bidez, Latinoamerikatik gurera migratutako emakume askoren errealitatera hurbilduko gara. Gurean, gehienbat zaintzan aritzen diren bitartean, beren herrialdeetan, amak edo arrebek zaintzen dituzte, kasu gehienetan, bertan utzitako seme-alabak. Erakusketan bertako familien irudiak eta testigantzak biltzen dira.

Mondraberrik Bidez Bideko Katia Reimberg eta Soraya Ronquillorekin hitz egiteko aukera izan du. Katia Reimberg brasildarra da eta prestakuntza-ikasketen eta -ibilbideen homologazioari buruzko aholkularia. Bestalde, Soraya Ronquillo Perukoa da eta gizarte-langilea da. Bidez Bidek ikus-entzunezko lanak ekoizten ditu, hala nola Emakume Txokoan aurkeztu duen erakusketa, migrazioaren errealitate transnazionalak erretratatzen dituena.

Erakusketa 2010ean aurkeztu zen lehen aldiz, baina Soraya Ronquillok azaldu duen bezala, “indarrean jarraitzen du zaintzaren gaia erretratatzen duelako. Kasu honetan, hego globaletik etortzen diren emakumeek beste pertsona batzuk zaintzen dituzte hemen; jatorrizko herrialdeetan, berriz, beste emakume batzuek, amek, ahizpek, izebek… egiten dituzte lehen egiten zituzten zaintza-lanak. ” Katia Reimbergek eta Soraya Ronquillok etxeko zerbitzuan lan egin zuten beren tituluak homologatu zituzten arte.

Ikasketen homologazioari dagokionez, Katia Reimbergek azaldu duenez, “oso zaila da tituluak homologatzea, oso prozesu burokratikoak dira eta eskumenen gaia ere hor dago. Unibertsitateko tituluekin zer gertatuko zain gaude. Batxilergoaren homologazioak ondo funtzionatzen du, eta unibertsitatekoa hiru urtera artekoa izan daiteke. Oso etsigarria da hainbeste ikasketekin etortzea, unibertsitarioak ez diren beste jakintzekin, eta hemen beren lanbideetan ezin aritzea.”

Jatorrizko herrialdeetan familiak zaintzen dituzten emakumeak eta gizon batzuk dira erakusketaren ardatza. Soraya Ronquillok azaldu duenez, “gure jatorrizko herrialdeetan ere zainketen krisia dago. Gure jatorrizko herrialdeetan ez dago hemen bezalako ongizate-politikarik. Orduan, zaintzaz familiak arduratzen dira, batez ere emakumeak, baina kasu batzuetan gizonak ere bai. Pertsona horiek beren herrialdeetan zaintzetik datoz, hemen beste pertsona batzuk zaintzen jarraitzeko, batzuetan 24 orduz. Migrazioek errealitate eta arazo desberdinen berri ematen dute. Horregatik aldarrikatzen dugu eredu horrek aldatu egin behar direla, publikoa izan behar dela, komunitarioa. Emakumeok ezin dugu bizitza sostengatu, zaintza horiei eusteko politika publikoak egon behar dira.”

Rosa Villafuerte Peruko argazkilari sozialak egin du argazki-lana. Villafuertek familiak erretratatu ditu batez ere Liman (Peru). Estatuko hainbat tokitan ahizpak, alabak, bikoteak… dituzten familiak. Zaintza-kateak erretratatzen dituzten bederatzi familiaren argazkiak dira. Erakusketa Emakume Txokoan egongo da gaurtik, asteartea, azaroaren 29ra arte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen