Ospitaleko anestesisten gehiengoak greba hasi du “langile gehiago kontrata daitezen eta zuzendaritzak gehienezko eta legezko guardia kopuruak errespeta ditzan”, besteak beste.
Arrasateko Ospitaleko anestesistek gaur goizean greba mugagabea hasi dute, ESKak deituta, eta goizean bilkura egin dute.
“Urtebete baino gehiago daramagu Anestesia Zerbitzuan langile nahikorik gabe. Denbora horretan hutsune hori tapatu dute Covid-aren aitzakiarekin, eta proba asko bertan behera utzi dira eskualdean, balizko tumoreen bahetze proba asko, kolonoskopiak eta gastroskopiak esaterako”.
Bien bitartean “garrantzi txikiagoko ebakuntzak egin dira, esate baterako, zirugia traumatologikoko ebakuntzak”.
Testuinguru honetan “anestesista gutxi gaude baina Ospitale osoa kubritu behar izan dugu, eta Sareko beste ospitale batzuetatik laguntzera etorri behar izan dira hemengo guardiak kubritzera: Gurutzetatik, Urdulizetik, Mendarotik, Donostiatik, Gasteiztik”.
“Legez, gehienezko guardia kopurua 3 dira, eta hortik aurrerakoak borondatezkoak dira, baina Zuzendaritzatik behartzen ari gaituzte guardiak kubritzera”.
“Duela ez hainbeste gure lankide bat behartu dute larunbateko guardia bat kubritzera, nahiz eta berak seme-alabak etxebizitzan zeuzkan, separatuta egonda, eta alabak sukarra zuela. Paper bat eman zioten guardia kubritzera behartuz”. Horregatik guztiagatik, anestesistek aldarrikatzen dituzte:
- Langile gehiago kontrata daitezela, Ospitaleko zerbitzu anestesiko guztiak bete ahal izateko, kontratu duinekin.
- Errespeta dadila legez gehienezko guardia kopurua, hau da, 3 guardia.
- Lana familia-bizitzarekin bateragarria izatea
- Jornada murrizketa duen langileak guardia kopurak murrizteko aukera ere izatea
- “Neurri garantista bezala, aldarrikatzen dugu, 4. guardia egitera behartzen bagaituzte, guardia hori konpentsa dadila lanordu arrunt bat balitz bezala. Hau da, ez diezagutela dirutan konpentsatu, ordutan baizik”.
“Gure ustez neurri garantista da, uste baitugu, Zuzendaritzak hori nahi ez duenez, langile kopuru nahikoa kontratatuko duela, gehienezko 3 guardien baldintza bete dadin”.
Aldarrikapen horiek lan-esparruari dagozkio, baina herritarrekiko zerbitzuagatik ere kezka azaldu dute: “Arazo horiek eskualdeko Osasunean eragina dauka”:
- Zirujia batzuk bertan behera uzten dira, eta programatuak izan zitezkeen arren, azkenean urgente bihurtzen dira.
- Bertan behera uzten dira onkologiako kribatuen probak, tumoreak alegia
- Ezin da eguneroko jarduera kubritu Ospitalean
Anestesistek adierazi dutenez, “ez dakigu zergatik baina zuzendaritzatik eskualdeko honetako biztanleak bigarren mailakotzat hartzen ari dira. Zerbitzua ez da behar bezalakoa”. Ospitale berriari dagokionez, “ez dago langile nahikorik, eta hutsune hau aspalditik datorren arazo bat da”.
Greba deialdia egin zenetik “zuzendaritzarekin negoziazio-bilera bat izan dugu, eta bertan zehaztugabeko promesak egin dizkigute, berme barik, eta ondorioz greba hasi dugu”.
“Gaur bertan zuzendaritzak maniobra nahiko zikin bat egin du, gure greba-eskubidea hasieratik urratu nahian. Ospitalera etortzera behartu du, aurreikuspenen arabera gaur lehen orduan lan egin behar ez zuena”.
Greba egunean “gainera, programatutako bat kubritu da, eta oro har aurreikuspenak aldatu dituzte grebaren eragina gutxitzeko asmoz, baina eragina izango du noski”.
Gaur egun goardiak egiten dituzten 6 anestesistek lan egiten dute, eta langile bakoitzak legez 3 goardia gehienez egin ditzakeenez, 18 goardia bete ditzakegu gehienez, baina hilabeteak 30-31 egun ditu”. Beraz, “18 horiek ez dira nahikoak eta langile gehiago behar ditugu”.
“Orain dela gutxi beste anestesista bat kontratatu dute, baina oraindik ez dakigu guardiak kubrituko dituen edo ez. Beraz, 7 anestesista gara eta 5ek grebarekin bat egin dugu”.
Anestesista bakoitzaren goardia bakoitza “24 ordukoa da: goizeko 08:00etan sartzen gara eta hurrengo eguneko 08:00etan irteten gara. Hurrengo eguna libratzen dugu, baina ostirala bada, ez dugu libratzen”.
Horren guztiorren ondorioz, “kontsultak, endoskopiak, kirofanoak,… ere betetzea ezinezkoa da. Hemen Minaren Unitate bat martxan izan zen, baina langile nahikorik ez zuenez, bertan behera utzi zen. Eta horrela zuzendaritza zerbitzu denak gutxitzen dabil”.