Arrasaten lan egiten duen legazpiar honek bere trilogiaren azken eleberria aurkeztuko du, Edurne Muxika lankidearen aurkezpenarekin.
Argazkia: Ane Odriozola, artxibokoa.
BAZ bulegoan diharduen Ane Odriozolak orain arte bi eleberri idatzi ditu: ‘El secreto de Gibola’ eta ‘La sombra de Gibola’. Eta aste honetan trilogiaren hirugarren eta azken lana argitaratzear da: ‘Conspiración en Gibola’.
Egileak aurreratu duenez, hirugarren liburu honetan irakurleak aurreko eleberrian egiteke zeuden kontuen erantzuna aurkituko du. “Itxuraz zerikusirik ez duten bi istoriotan zentratzen dut berriro trama, baina nobelak aurrera egin ahala, batu egingo dira. Batek aurreko eleberriko protagonistak ditu ardatz, eta besteak Aztiriako baserri bateko familia baten istorioa kontatzen du “.
Azpimarratzekoa da ‘El secreto de Gibola’rekin Círculo Rojo Saria lortu zuela 2019an, misterioko 400 eleberrirekin lehiatuta. Nabarmentzekoa da ere Legazpiko kultur taldeen Literatura Saria 2019 jaso zuela, kultur merituaren atalean, eta euskara idatziz ere lorpenak erdietsi dituela: Iparragirre Sarietako 2019ko Literatura kategoriako saria lortu zuen, eta Urrike Kontakizun Laburren III. Lehiaketan finalista izan zen.
Liburu berriaren aurkezpena bihar izango da, Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, ekitaldi irekian.
