Mugarri-Ingou Arrasatek asteburu honetan ekingo dio ligari. Kategoria estreinatzeaz gain, aurten Gipuzkoako 1. mailan jokatuko baitu, aulkian ere berritasunik izango da. Izan ere, Ane Herrerok Patxi Garcia ordezkatuko du lehen entrenatzaile gisa. Mondraberrik berarekin hitz egiteko aukera izan du.
Nola izan da gizonezkoen senior talde baten ardura hartzea?
Egia esanda, ez da esperientzia berria. 21 urterekin hartu nuen gizonezkoen lehenengo taldea. Aurreko urtetik banekien taldeaz arduratuko nintzela, ez nekien lehen entrenatzaile gisa, baina bai behintzat bigarren entrenatzaile moduan. Aurreko denboraldian Patxi Garciaren bigarren entrenatzaile jardun nuen, hortaz, jokalariak ezagutzen ditut, eta haiek ni ezagutzen naute. Nahiko naturala izan da niretzat, jokalarientzat eta klubarentzat.
Gainera, klubean kategoria horretan entrenatzeko titulua soilik hiru pertsonak daukagu. Kontuan izanda beste biak gurasoak direla, jakin banekien bertan izango nintzela.
Nola izan da Patxi Garcia ordezkatzea? Alde handirik dago Patxiren eta zure entrenatzeko moduan?
Bera gizonezkoa da eta ni emakumezkoa, beraz hortik hasita kudeatzeko modu desberdinak ditugu. Nik eskubaloia sakonki bizi izan dut, modu askotako eskubaloia, entrenadore asko izan ditut. Entrenadore eta esperientzia bakoitzetik ikasten saiatu naiz nire entrenadore nortasuna eraikitzeko.
Patxik aspaldi atera zuen titulua, beti egon da gizonezkoen munduan, urte dezente zeramatzan taldean, eta bere kudeaketa alde batera zioan,… Nik hori ikusita, eta nire nortasuna eta esperientziarekin, saiatu naiz gauza batzuk hartzen, eta beste batzuk nire modura egiten.
Kudeatzeko modua eta entrenatzeko modua desberdinak dira, ni emakumezkoen eskubaloitik nator. Emakumezkoen eta gizonezkoen eskubaloia desberdina dira. Nik bizi izan dudan eskubaloia eta Patxik bizi izan duena ezberdinak dira.
Aurten aldaketarik ikusiko dugu gizonen lehen taldean?
Nik sinesten dut bizi izan dudan eskubaloian, emakumezkoen estiloan. Aurten dudan taldea emakumezkoen eskubaloia hori egiteko gai ikusten dut. Ez hain fisikoa, taktikoagoa, eskubaloiak ematen dizkigun gauza fisikoak alde batera utzita.
Zenbat urterekin hasi zinen kiro honetan eta nolakoa izan da zure ibilbidea?
Ni 13 urterekin hasi nintzen, infantil mailan, eta 30 urterekin jokatzeari utzi nion. Mota askotako eskubaloia bizi izan dut. Selekzioetan izan naiz, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiakoetan. Elite mailan jokatu dut, Euskadi mailan, eta azken 5 urteetan bigarren mailan aritu naiz. Beti Arrasatetik kanpo: Oñatin, Donostian, Usurbilen eta azkenean Ermuan.
Nolakoa izan da etxera bueltatzea eta entrenatzaile moduan aritzea?
Aurreko denboraldian entrenatzen hasi nintzen, emakumezkoen kadete mailan, denboraldi honetan jubenil mailan arituko direnekin. Aurretik bigarren entrenatzaile aritu nintzen zenbait taldetan, baina soilik astia nuenean, kanpoan jokatzen nuelako, eta nire entrenamenduak denbora kentzen zidatelako. Beti egon naiz, egia esanda, laguntzen, klubean sartuta,… baina entrenatzeari dagokionez, aurreko denboraldian kadete nesketan eta bigarren entrenatzaile moduan Patxirekin.
Etxean ere txikitatik eskubaloia bizi izan duzu?
Aita hasi zenetik entrenatzen, nire arratsaldeak Iturripen igarotzen nituen arratsaldeko 17:00etatik gaueko 21:00 arte. Eta gero nik jokalari moduan izan dudan esperientzia. Eskubaloia beti izan da etxean. Ama klubeko presidentea da, eta anaia jokalaria eta entrenatzailea.
Nola ikusten da emakume bat gizonezkoen talde bat entrenatzea? Ohikoa da emakumea eserlekuan ikustea?
Gero eta emakume gehiago entrenatzaile moduan ari gara, baina ez da ohikoena, are gutxiago gizonezkoen senior talde batean. Ordiziako lagunarteko partidu batean bi entrenatzaileak emakumeak ginen. Eta gure arteko komentarioa izan zen, “bazen garaia eserlekuan emakumeak izateko”.
Formakuntzari dagokionez, gero eta emakume gehiago daude, orekatuagoa dago. Baina badirudi sozialki hesi bat dagoela. Gizonek mutil nahiz neskak entrenatzen dituzte, eta hori begi onez ikusten da, baina emakumeek gehienetan soilik neskak entrenatzen dituzte. Ez dut esan nahi gaizki ikusita dagoenik emakume batek mutilak entrenatzea, baina jendeari oraindik arraro xamar egiten zaio. Areago, emakume gazteak baldin bagara.
Hala ere, Arrasate Eskubaloi klubean emakume asko daude?
Pandemiatik gero eta emakume gehiago animatu dira eskubaloian jokatzera. Aurretik gorakada bat igarri genuen, baina pandemia ostean emakume gehiago dauzkagu. Une honetan infantiletan 20 fitxa daude. Denboraldi honetan emakumezko 3 talde ditugu, 20 infantil, 12 kadete eta 12 jubenil.
Senior taldea falta zaigu. Normalean emakumezkoen kasuan beti egoten da hor eten bat. Jubenil mailan eta senior mailan zaila izaten da talde bat sortzea. Ikasketengatik, ez dakit emakumeak ardutatsuagoak garen edo zer, kirola alde batera pixka bat uzten dugu beti. Ikasketei lehentasuna ematen diegu.
Mutiletan beste 3 talde ditugu, infantil-kadete arteko talde bat, jubenilak eta seniorrak. Hiruna talde genero bakoitzeko eta Eskubaloi Eskola. Aukera aprobetxatu nahi dut neska eta mutil guztiak eskubaloian jokatzera animatzeko.
Zelan ikusten duzu denboraldia berria, gizonezkoen lehen taldeari dagokionez?
Gipuzkoako 1. mailan jokatuko dugu, 2021/2022an maila galdu ondoren. Jendeak uste du horregatik liga erraza izango dela, baina aurre-denboraldian ikusi dugunez denboraldia oso gogorra izango da. Batez ere ohitu egin behar garelako liga berrira, talde berrietara,… Liga honetan jokatzen duten talde batzuk oso potenteak dira.
Ligara egokitu egin behar gara, egin nahi dudan jokora, ni jokalariei egokitu behar naiz, eta haiek niri. Horretarako lana, lana eta lana egin behar dugu. Izenak ez digu emango sailkapenean 1. edo 2. izatea, ezta taldeak bere horretan ere. Hemen egunero egin behar da lan, entrenamenduetan nahiz partiduetan.
Partiduak oso gogorrak izango dira, aurre-denboraldian ikusi dugu. Partidu bana irabazi, berdindu eta galdu dugu. Eta horietako bi aurkari gure maila berekoak dira. Entrenatzen duguna partiduetan gauzatzeko gai izango bagara, jokoaren esparru batzuk errazagoak izango ditugu, baina lanik egin ezean, gogorra izango da.
Talde horretan altak eta bajak izan dira?
Aurreko urteko blokea mantentzen dugu. Bi baja izan ditugu, eta jubenil mailatik lau bat jokalari igo dira. Gainera, bi jubenilek gurekin astean zehar entrenatuko dute, eta partidu batzuetara etorriko dira.
Talde gaztea da, esperientzia txikiko taldea. Aurreko denboraldia gogorra izan zen, partidu batzuk azkenengo minutuetan galdu ziren, eta hori esperientzia da ere, baina oraindik talde honi esperientzia luzea falta zaio.
Zerbait gehitu nahi zenuke?
Bukatzeko, gustatuko litzaidake jendea eskubaloia probatzera animatzea. Ez bakarrik Arrasateko jendea, baita bailara osoko jendea ere. Naiz Arrasaten izan, ateak edonorentzat zabalik dauzkagu. Bai neska, bai mutil, edozein dela maila.
Familia bat gara eta hezkuntza dugu lehentasun. Ez dezatela beldurrik izan, jendea bertaratzen zaigu “ez dakit ona naizen..” esanez. Hemen gure helburua formakuntza da, eta hortik aurrera senior mailara heltzen direnean baliabideak edukitzea eskubaloia jokatzeko. Guretzat garrantzitsua da jendea gerturatzea bai jokatzeko, bai laguntzeko.