Ane eta Joxefe Diaz de Tuestak ‘Node.js-ren Praktika Onak gida’ euskaratu dute

0
938

Anek web garatzaile gisa lan egiten du Bordelen, eta bere aitarekin batera, programazio inguruneari buruzko gida eukarara ekarri du. Gidaren sortzaileak ostiralean eman zuen jakitera bertsio berria eskura dagoela.

Beheko testua: Ane / Argazkiak eta irudia: Ane eta Joxefe.

Aurtengo martxoaren 21ean, Node.jsren Praktika Onak gida argitaratu zen euskaraz, Ane Diaz de Tuesta web programatzaileak eta haren aita Joxe Felix Diaz de Tuesta euskaltzaleak itzulita. Urtebeteko lana izan da gida.

Bertsio originala ingelesez argitaratu zen, baina laster itzuli zen beste bost hizkuntzatara. Seigarren itzulpena, hain zuzen, euskarazko hau izan da, Diaz de Tuesta aita-alabak egindakoa.

Hitz batzuk Node.jsren gainean

Node.js programazio ingurune bat da, kode irekikoa, diseinatu zena Interneteko aplikazio eskalagarriak sortzeko, zerbitzariak batez ere. Bertako programak JavaScript-ez idatzita daude. Programazio ingurune hau oso ezaguna da web garatzaileen artean, eta gaur egun milaka webgune daude Node.jsrekin eginda, 175.398 baino gehiago.

Mundu osoko zenbait enpresa ezagunek erabiltzen dute: Linkedin, Netflix, Uber, Trello, PayPal, Nasa, Ebay, Medium, Groupon, Walmart, Mozilla, GoDaddy, Yandex, Citybank eta Yahoo, besteak beste.

nodejsWebgune ofiziala: https://nodejs.org/

GitHub orrialdea: https://github.com/nodejs

Node.jsren Praktika Onak gida

Web garatzaile askok estimu handitan dute ‘Node.jsren Praktika Onak’ gida, gai horren inguruan gidarik garrantzitsuenetako bat delako. Eremu horretan dagoen praktika onen bildumarik handiena da, eta handitzen ari da astetik astera. Une honetan 80tik gora praktika, estilo eskuliburu eta arkitektura aholku biltzen ditu. Praktika bakoitza kode adibideek, blogetako aipu hautatuek eta informazio osagarriek osatzen dute.

Kolaboratzaile ugariren parte hartzeari esker sortu zen Praktika Onak gida, batez ere sortzaileei esker: Yoni Goldberg, Bruno Scheufler, Kyle Martin eta Kevyn Bruyere.

Dagoeneko eskuragarri dago euskaraz Node.jsren Praktika Onak gida. Hasieran ingelesez argitaratu zen, baina gaur egun beste sei hizkuntzatan dago irakurgai: Brasilgo portugesa, txinera, errusiera, poloniera, japoniera eta EUSKARA! Beste hizkuntza batzuetara ere itzultzen hasita daude: frantsesa, hebreera, koreera, gaztelania eta turkiera.

Euskarazko bertsioaren abentura

“Gure abentura orain dela urtebete inguru hasi zen, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren lehen konfinamenduarekin batera.

Twitteren ikusi nuen mundu guztiko hainbat programatzailek laguntza eskaintzen zutela gida hau beste hizkuntza batzuetara itzultzeko. Egia esan, artean ez nuen gidaren berririk, eta atentzioa eman zidan. Orduan jakin nuen gai horren inguruan egindako gida garrantzitsu eta estimatuenetako bat dela, kode irekian idatzitakoa eta edonorentzat eskuragarri sarean.

Nire laguntza eskaini nuen euskarazko itzulpena egiteko, ziur egon gabe gidaren sortzaileek ba ote zekiten euskara bazenik ere. Berehala Yoni Goldbergen erantzuna jaso nuen nire posta elektronikoan: bazekien Euskal Herriaren berri, gure kultura eta parajeek txundituta zuten, eta bazuen noizbait bisitan etortzeko intentzioa ere.

Hasieran pentsatu nuen itzulpena erraz egingo nuela: badira iada 10 urte web programatzaile gisa lan egiten dudana eta euskara ongi menperatzen dudan hizkuntza da, nire ama hizkuntza izateaz gain. Baina berehala konturatu nintzen espero baino luze eta zailagoa izango zela: informatika munduan anglizismo asko daude, eta ez da erraza haiek euskaratzea. Gainera, nire egunerokoan, frantsesez eta ingelesez egiten dut lan, eta askotan nire euskarazko esaldiak nahiko artifizialak dira.

Proiektua bertan behera uztea pentsatu nuen. Zorionez, ni baino burugogorragoa den norbaiti esker, nire aitari buruz ari naiz, proiektuak aurrera egin zuen. Aitak animatu ninduen segitzera, eta hilabete askoan, biok aritu gara itzulpena egiten. Bikote menderaezina osatu dugu: haren euskaraz idazteko gaitasuna eta nire programatzaile ezagutzak konbinatuz, gida euskaratzea lortu dugu. Urtebete eta berrirakurketa, zuzenketa, zalantza… ugariren ondoren, harro gaude, azkenean, euskarazko gida argitaratu delako. Eta pozik, aurrerantzean non-nahi dabiltzan programatzaile euskaldunek aukera izango baitute maila honetako gida bat euskaraz erabiltzeko.

Gustura asko jasoko nituzke zure ekarpenak euskarazko bertsio hau hobetzeko, bai lexiko eta terminologia aldetik, bai gida ulergarriagoa izan dadin proposamenak eginez zein antzemandako akatsen berri emanez.
Gida honen helburua da informazioa ezagutaraztea eta partekatzea. Gure ustez, kulturarekin berdin egin behar da, zabaldu eta partekatu.

Hementxe duzue Node.jsren Praktika Onak gida euskaraz.

Erabili eta gozatu!“

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen