Biomedikuntzan doktore eta Arnas Fisioterapian aditu honek azaldu du, adituen aholkuez gain, “pertsonak bere ariketa fisikoaz hausnartu behar duela, modua, neurria eta tokia zehazteko”.
Argazkia: Goienagusi – Julio Iriarte.
Goienagusik antolatuta, Ane Arbillaga Etxarri, Biomedikuntzan doktore eta Deustuko Unibertsitateko Fisioterapia Saileko buru, besteak beste, Arrasaten izan da.
‘Osasuna pandemiaz haratago’ hitzaldia eman du, eta berarekin elkarrizketa egin dugu gai honen inguruan. Ane Arbillaga Etxarriren curriculuma ondorengoa da:
- Arnas Fisioterapian aditua eta Biomedikuntzan doktorea.
- Deustuko Unibertsitateko Fisioterapian Departamendu burua.
- Biriketako gaitz kronikoak dituzten pertsonekin jarduera zein ariketa fisikoaren sustapen eta interbentzioen diseinuen inguruan ikertzen du.
- Euskadiko Fisioterapia Sarietako Ikerkuntza Sariaren irabazle.
- Arraunlaria.
Zein kalte eragin dizkio pandemiak pertsonen osasunari?
Lehenik eta behin, jakinak diren eta Covidak berak sortzen dituen ondorioak daude. Baina pandemiak Covidaz gaixotu ez diren pertsonei ere eragin die, eta orain atzematen hasiak gara. Helduenak, adinekoenak izan dira gehien pairatu dituztenak ondorio isil baina arriskutsuak, edota gertutik jarraitu beharrekoak. Adibidez:
Adineko pertsonei pisu galera espezifiko bat eragin die, ariketa fisikoari uko egin beharraren ondorioz eta konfinamenduko elikadura aldaketen ondorioz. Pisu galera masibo hori, pertsona bakoitzean kilo gutxi izan arren, eragina izan dezake beste gaixotasunak pairatzeko arriskuan, metabolikoak (diabetesa, obesitatea,…).
Bestalde, eta agian hauxe da ondoriorik larriena, pertsona nagusien erorketa kopuruaren hazkundea izan da. Helduenek erortzeko arrisku handiagoa dute, itxialdiaren ondorioz, eta askok ez dutelako pandemia aurreko jarduera fisikoa berreskuratu.
Horren ondorioz, galerak izan dira muskuluen propietatean, kalitatean, orekarako erantzun azkar bat emateko gaitasunean eta indarrean.
Funtzio horien galera progresibo eta naturala, hau da, adinaren ondoriozkoa, azkartu egin da itxieraren ondorioz.
Hirugarrenik, osasun mentaleko ondorioak agian ezagunagoak dira, informatiboetan azaldu baitira. Depresioa eta antsietatea sufritzen zutenek itxialdiaren eta pandemiaren ondorioz euren gaitzak okertzeko joera egon da.
Lehenago depresioa eta antsietatea ez zituzten pertsonek, itxialdiaren eta pandemiaren ondorioz, biak ala biak jasateko arriskua handitu da. Bai helduengan, baita gazteengan ere.
Gazteei buruzko datuak kezkagarrienak dira. Heldutasunean erdiko adin-tartean suzidio kopuruak nabarmen ugaritu dira. Argi eta garbi adierazi behar da buruko osasunak hauskortasun maila bat izan duela.
Zer egin dezake pertsonak bere arnasketa hobetzeko?
Erantzuna zaila da, baina kontuan hartu behar dugu pertsonok minutuero 14-16 alditan arnasten dugula. Birikak eta bihotza muskuluak beti martxan daude.
Pertsonak oro har, bere arnasketa hobetzeko, birikiei eta bihotzari lan gehigarria eskatu behar die, eta horretarako jarduera merke eta naturala da ariketa fisikoa egitea. Horrela, arnasketa azkarragoa, sakonagoa eta intentsoagoa izango da.
Bada beste alor espezifikoago bat, behar zehatz batzuei erantzuteko: arnasketako muskuluen entrenamendu espezifikoa. Horretarako, fisioterapeuta baten laguntza izatea komeni da, pertsonak arnasketa arazoak baldin baditu.
Covidaz gaixotuta egon diren pertsonentzat ere baliagarria da, galera sakonagoa sufritzeko arriskua izan dutelako. Betiere balorazio eta kasu espezifiko bakoitzaren analisia egin behar da.
Pertsonak nola eraman dezake aurrera bizitza aktibo eta osasuntsu bat?
Erantzuteko galdera zaila da, izan ere, jarduera fisikoa benetan jarrera oso konplexua baita. Azken finean, ez erretzeak, alkoholik ez edateak, elikadura osasungarria jateak eta higieneak pertsonaren bizitzarengan eragin zuzena dute. Bai bizitza-kalitatea, bizi-itxaropenean,…
Horregatik, jarduera fisikoa osasun-jarreratzat hartzen da. Horregatik, oso garrantzitsua da egunerokotasunean hartzen diren erabakien arrazoiak aztertzea. Hau da, nik aholku, metodo,… ugari ditut jendea aktibo manten dadin, baina pertsonak beste ariketa bat ere egin behar du, intimoa eta propioa:
Barrura begiratu, motibazioak neurtu eta pertsonak egin nahi dituen jarduerak non dauden jakin. Ez dute aholku generalistek balio. Nik pertsona bati ibiltzea gomendatu dakioket, baina berak ez badu ibiltzea gustuko, azkenean ez da ibiltzera joango.
Beraz, norberak bilatu behar ditu modua, neurria eta tokia. Profesionalok, aholkuak emateaz gain, entzun behar dugu, eta ondoren entzute horretatik sortu benetan egingarria den proposamen bat.
Hau da, nik ez diot inori zer egin behar duen planteatuko, ez badakit zein diren bere testuingurua, bizilekua, gaitasuna, maila, gogoa, motibazioa, mugak, erraztasunak, inguru soziala, familia, lagunak eta margena.
Horrenbestez, aholku nagusia da norberak aktiboki izatearen erabakian, hausnarketa prozesu bat aurrera eraman behar duela, benetan baloratzeko norberak zer alda dezakeen bere egunerokotasunean norbera gehiago mugitzeko.
Horregatik, askotan pelota pertsonari eskuan jartzen diot, zeren eta askotan nire hitzek ez baitute zertan bere bizitza aldatu. Aldaketa bere testuinguruaren analisian eta testuinguru hori ulertzean datza. Horretan lagun dezakegu.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Bai, hitzaldian ere hizpide izan zen kontzeptu bat, terminologia bereiztea garrantzitsua baita. Jendeak jakin badaki zer den aktibo izatea edo ez-aktibo izatea. Baina ez dauka hain argi zer den sedentario izatea edo ez-sedentario izatea.
Aktibo ez izateak pertsonarengan eragin zuzena dauka: pertsonaren osasunaren, bizitza kalitatean, pronostikoan,… Baina egun argi dago sedentarismoak ere eragin handia duela.
Sedentarismoa definizioz zera da: denbora luze batean jarduera fisikorik ez egitea. Hau da, nik goizean ordu betez korrika egiten badut, giak aholkatzen duen gutxieneko hori eginda, aktibo naizela esango dit.
Baina pertsonak eguneko beste 8-10 ordu lanean eserita ematen baditu, goizeko korrikaldiak gutxirako balioko dio. Izan ere, denbora askoz gehiago eserita egon bainaiz, eta hor dago sedentarismoaren arazo larria.
Beraz, ariketa fisikoaren iraupena eta maiztasuna oso garrantzitsuak dira. Adituek diote ondo dagoela ariketa fisikoa denbora tarte batean pilatzea, betiere denbora tarte horiek egunean zehar egiten badira.
Hortaz, ez da gauza bera aktiboa izatea eta sedentarioa ez izatea. Beraz, nik gomendatuko nuke pertsonak jarduera fisikoa maizago egitea, nahi badu jarduera bakoitza denbora laburragoan. Hau da, geldi egotearen denbora tarteak laburtu behar dira, sedentarismoa ekiditeko. Azken datuek hori argi erakusten dute.