Ander Muruak bi final jokatuko ditu asteburu hontan

0
959

Lehenengoa ostiralean izango da Elgoibarren 22.00etatik aurrera eta bigarrena Tafallan igandean 18.00etan.

Ondo hasi du 2020 urtea Ander Murua pilotari arrasatearrak. Tafallan eta Laudion garaipena lortu ostean, Soroako txapelketaren finalerdietara sailkatzea lortu du, eta ostiralean Elgoibarreko txapelketako finala jokatuko du bikoteka. Emaitzak lagun ditu urteko lehenengo txapelketa hauetan eta pozik agertu da Ander: “urtea ezin hobeto hasi dut. Lehenengo bi txapelketetan irabazteak konfiantza handia ematen dit datozen txapelketetarako”

Izan ere, asteburu hontan bi final jokatuko ditu: lehenengoa ostiralean gaueko hamarretan izango da eta Iriondo izango du bikote gisa. Aurrean maila oso altuko bi aurkalari egongo dira: Elola eta Mariezkurrena I. Honi buruz ere hitz batzuk izan ditu Muruak Mondraberrirako: “Maila handiko pelotariak dira. Diario Vasco-ko finalean biek elkarren aurka jokatu zuten eta orain, Iriondorekin biekin batera jokatuko dut. Partida gogorra izango da baina ikasteko aukera handia izango dela pentsatzen dut”.

Bigarren finala igandean izango da Tafallan, Murua-Arbizu eta Lerena-Altutzarra ariko dira nor baino nor. “Nire bikotearekin entrenatzeko aukerarik ez dut izan aste hontan bera bizkaitarra delako, baina uste dut maila ona erakutsiko dugula”.

Honen harira Ander Muruak aipatu du, momentuz, ez duela denbora galtzen profesionala izatera ailegatuko den edo ez pentsatzen. Izan ere, ikastea eta disfrutatzea dira bere helburu nagusiak: “Oraindik ez dakit noraino helduko naizen. Gauzak gutxinaka hartu behar dira. Orain partida garrantzitsuak ditut nire aurrean eta ezinbestekoa da jokatzea eta batez ere ikastea zerbait, txapelketa eta neurketa guztietan”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen