Ander Muruak B-serieko Buruz Buruko finalerako txartela lortu nahi du Irunen

0
1955

Argazkia: ASPEPELOTA

Arkaitz Gabirondorekn Binakako txapela jantzi ostean, B-serieko Buruz Buruko finalerako sailkatzea da Ander Murua arrasatearraren hurrengo erronka. Txapelketa ederra jokatu ostean, pausu bakarrera du datorren larunbatean Labriten jokatuko den finala eta pausu hori gaur eman beharko du, arratsaldeko 20.45etatik aurrera Irungo Uranzu pilotalekuan, Unai Alberdi azpeitiarraren aurka.

Final laurdenetako ligaxkako azken partidan Zubizarretari ondo irabazita, moralez gainezka helduko da Ander Murua gaurko lehiara maila ona eman duen azpeitiarraren aurka. Baikotik Asperako jauzia eman ondoren goruntz egiten ari da Alberdi II.a eta arrasatearrarentzat aurkari gogorra izango da.

Hori bai, ez bata ez bestea ez dira jotzaile handiak, frontisetik nahikoa gertu ibiliko dute, normalean, pilota eta joko motz hori ez datorkio batere gaizki arrasatearrari, Iurretan Zubizarretaren aurka erakutsi zuen moduan. Erasoan arriskuak hartuko dituzte biek eta errematean gehien asmatzen duenak bidearen zati handi bat egina izango du. Sakearekin asmatzeak ere berebiziko garrantzia izango du finalean egon ahal izateko.

22ra heltzea lortuko balu, Ander Muruak ez luke askorik itxaron beharko Labriteko finalean izango lukeen aurkaria nor den jakiteko, beste finalerdia jaialdi berean jokatuko baitute etxean arituko den Unai Amianok eta Xabier Rekalde dimoztarrak. Kasu honetan bai, bi jotzaile handi arituko dira elkarren aurka.

Arrasate Pilota Taldeko pilotariek, euren aldetik, txapelketa desberdinetako partidak izango dituzte karteldegian ikus daitekeenez.

Hil ala biziko partidak ART-ko talde nagusientzat
Asteburu erabakigarria izango da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako taldeentzat, biek ala biek hil ala biziko norgehiagokak jokatuko baitituzte, biak Elorrion. Goiztiarrenak neskak izango dira, amaiera faseko lehenengo kanporaketan, Durangoren kontra neurtuko baitituzte indarrak 16:00etatik aurrera. Ondoren, 18:00etan, mutilek igoera faseko finalerdietako bueltako partidua izango dute ligako txapeldun Elorrioren kontra, iragan asteburuan Mojategin jasotako porrotari buelta emateko helburuarekin.

Tamalez, orain dela astebeteko joanekoan amore eman behar izan zuten Barrutiaren mutilek Elorrioren kontra, aurreikuspenak betez, bizkaitarrak 18-35 nagusitu baitziren. Testuinguru honetan, emaitza horri buelta eman beharko dio talde arrasatearrak, hil honen amaieran jokatuko den final handirako txartela eskuratu nahi badu, behintzat.

Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako neskek ere hitzordu erabakigarria izango dute, behin liga amaituta, amaierako fasea jarriko baita martxan. Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT-k bigarren postuan amaitu du fase erregularra eta, honenbestez, seigarren sailkatu Durango izango dute aurkari lehenengo kanporaketan.

Mutilen kasuan ez bezala, hemen kanporaketak partidu bakarrera izango dira eta, irabaziz gero, datorren asteburuan izango den finalerdian lehiatuko dute Zabalaren neskek. Bertan beste kanporaketako irabazlea izango da, Gipuzkoa Sortzen eta La Unicaren arteko neurketako irabazlea, hain justu ere.

Ointxe, Valentzian
Euren denboraldi nagusiak amaituta, Ointxeko bi talde nagusiak 3×3 modalitatean lehiatzen dihardute ostegunetik Valentzian jokatzen ari den txapelketan. Ekaitz Madinabeitia, Pol Pages, Iñaki Erauncetamurguil, eta Jaime Llanosek osatutako Mondragon Unibertsitateko mutilek maila polita eman zuten ostegunean, baina jokatutako bi partidak galduta, aurrera egin ezinik geratu ziren.

Gaur, ostirala, Smartlog Ointxeko nesken txanda izango da eta Irene Murua, Izar Bedia, Nagore Zabala eta Mama Dembelek osatutako taldeak hiru partidei egin beharko diete aurre. Sailkatuz gero, larunbatean kanporaketa faseari egin beharko liokete aurre.

Jaia Mojategin
Eguraldiak gehiegi lagunduko ez duela dirudien arren, egitarau berezia antolatu du Mondrak larunbat honetarako Mojategin, 16:00etatik aurrera, gizonezkoen lehen taldeak denboraldi honetan etxean jokatuko duen azken partidaren harira. Sailkapenean aparteko garrantzirik ez duen Amaikak Bat taldearen aurkako partidaren inguruan, klubak bere koloreak dituen baloi ofiziala salduko du, bere arropen outleta zabalduko du eta Reala/Valentzia partidarako pare bat sarrera zozketatuko ditu.

Mondrateren biharamona, Gasteizen
Pasa den asteko ospakizunak atzean utzita, denboraldi ahaztezin honi ahalik eta amaierarik ederrena ematen saiatuko dira Mondrateko lehen taldeko mutilek. Puntuek dagoeneko ez dute garrantzirik, baina urtea sentsazio onekin amaitu nahi dute arrasatearrek eta larunbatean Gasteizen jokatuko dute, 17:00ean Zabalganako kiroldegian, Aurrera Vitoriaren aurka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen