Anbulatorioen arreta “sendotzeko” beharra azaldu dute sindikatuek

0
899

Bilkurak islatu du anbulatorioetan “familiei eta komunitateari ematen zaien arreta okertu egin dela”. Horren aurrean, lan-baldintzak hobetzea beharrezko ikusten dute.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bilkurak egin dira hainbat anbulatorioen kanpoaldean gaur EAEn.

ESK sindikatuak ere bat egin du Arrasateko bilkurarekin, baina 10 minutuko iraupena laburregia dela adierazi du.

Elkarretaratzeen goiburua ‘Euskadiko lehen mailako arreta, Nik Bai!’ izan da, eta Arrasateko EH Bildu, Elkarrekin Arrasate eta Arrasateko Ezker Anitza-IUko ordezkaritza bana ekitaldian izan dira.

Sindikatuek salatu dutenaren arabera “Lehen Mailako Arreta desegiteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du”.

Era berean, “Osakidetzak COVID-19aren pandemiarekin estaltzen jarraitzen du zerbitzu horren egiturazko defizita, eta premiazkoa da hori berregitea”.

“Familiei eta komunitateari ematen zaien arreta okertu egin da, murrizketek eta interes politiko ezak eraginda. Ondorioz, langileek mugan-mugan jarraitzen dute lanean”.

“Ez dago baliabide nahikorik. Ez dago errefortzurik, eta inoiz ez da iristen kanpoan dauden langileen ordezkapenik. Gainera, ez da ahalegina aitortzen eta ez dira langileen eskubideak errespetatzen. Are gutxiago, uztartzeari eragiten diotenak”.

Sindikatuek gaitzetsi dutenez, “Osakidetzak ahalegin handiena egiten du profesionalen ondoeza isilarazteko, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotu diren langileez abusatzeko, eta herritarrei gure lehen mailako arretaren narridura larria ezkutatzeko”.

Bilkuran adierazi dute “profesionalak garela eta, herritarrei arreta emateaz gain, urte asko daramatzagula jendaurrean salatzen lehen mailako arretaren narriadura”.

Ildo horretan, eskatu egin dituzte “inbertsio gehiago, borondate politiko handiagoa, laguntza gehiago, pertsonalagoa, lan-egonkortasun handiagoa, errespetu handiagoa, aintzatespen handiagoa, antolaketa hobea, eta azken finean, lan-baldintza hobeak”.

Oro har, anbulatorioetako arreta “sendo baten aldeko apustua egiten dugu, beharrezkoak diren erreformak egiteko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen