Gaur, urriak 1, adineko pertsonen eguna ospatzen den egunen, ANAKONek amaiera eman dio nagusien asteari. Ekimen ugariz eta aldarrikapenez beteta egon da astea. Adibidez, bakarrizketa, kapelen desfilea, Joselu Anaiekin bermut dantzaldia eta pentsionisten ekitaldia izan dira aurreko egunetan.
Kulturateko areto nagusian, manifestuaren irakurketak, Arantxa Urretabizkaiaren hitzaldiak eta luntxak biribildu dute astea. Aipatzekoa da goizean, belaunaldien arteko ibilaldia egin dutela, Iturbideko egoiliarrekin eta txistulariekin, besteak beste, Sasoibideren eskutik.
Marta Izagirrek, Karmele Ajuriak eta Jon Zabalak eskainitako aurreskuarekin hasi da ekitaldia, eta jarraian, manifestuaren irakurketa etorri da. Manifestuan zaintza sistema duin eta publiko baten aldarria egin du ANAKONek. Horrekin batera, bertaratutakoei, elkarteei eta Udalari manifestuaren aldarriarekin bat egiteko eskatu diete, “elkarrekin Arrasate adiskidetsuago, jasangarriago eta inklusiboago baten alde lan egiteko” eta “adina oztopo bat beharrean, bizitzako beste etapa bat izan dadin, inor atzean gelditu gabe”.
Jarraian, ANAKONek urtean zehar antolatutako ekintzen bideo labur bat jarri dute, Arantxa Urretabizkaia idazlearen hitzaldiaren aurretik. Autoreak, “Zergaitik lotsatzen gaitu zahartzeak?” hitzaldia eskaini du, bere obrak idazten ikasitakoarekin, joera honen gako batzuen inguruan aritu da.
Amaitzeko, luntxa ere egon da bertaratutakoentzat, Arrasate Musikalek girotuta. Ekitaldia oso arrakastatsua izan da eta areto nagusia ia bete egin dute.




















