Nagusien Kontseilua: “Zaintza eta Osasun duinak behar dira, baita adinekoon parte-hartzea sustatzea”

0
519

Gaur, Nagusien Nazioarteko Eguna dugu, eta Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, ekitaldia egin da plazan, aldarrikatuz “adinekoen autonomia, parte-hartzea eta protagonismoa”.

ANAKONek manifestua irakurri du, azalduz “egun hau Arrasateko adineko pertsona guztiekin ospatzeko nahia. Hala ere, ez gara topa egitera mugatuko”.

Izan ere, “aldarrikatzeko eguna da, gure zentralitatea, gure bizitza-kalitatea, zaintza sistema duin bat, osasun sistema duin bat, babestuko gaituena azken finean”.

“Hau da, sistemak ez gaitzala bigarren mailako herritartzat jo”, eta berretsi du ANAKONek “adineko pertsonen eskubideen eta ongizatearen alde egiten jarraituko dugula”.

Izan ere, “zeregin hau funtsezkoa da udal- eta komunitate mailetan. Beharrezkoa da adinekoen autonomia, parte-hartzea eta protagonismoa sustatzea”.

Hau beharrezkoa da “prozesu eta erabaki guztietan, areago zuzenean eragiten digutenetan”. Era berean, azpimarratu dute “gure erabakiak errespetatzearen eta zalantzan ez jartzearen beharra”.

Funtsean “gura dugu gu errespetuz eta duintasunez tratatuak izatea. Baita zaintzen etika normaliza dadila ere. Aldarrikatzen dugu informazio instituzionala izatea, egiazkoa eta osoa, pentsioniston eskubideen inguruan, baita horiek eskuratzeko moduak ere”.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak plazaratu du “klima aldaketaren errealitatearen inguruko gure kezka, adinekook talde zaurgarria baikara, eta aldaketaren eragile aktibo izatea aldarrikatzen dugu”.

“Osasun-zerbitzuen murrizketa eta itxaron zerrenda luzeak salatzen ditugu, gure osasuna zaintzea ezinezkoa egiten baitute”.

Hori dela, “Osakidetzari, Euskal Osasun Zerbitzuari, eskatzen diogu behar diren baliabide publiko guztiak aktiba ditzala, patologien prebentzioa eta detekzioa ahalbidetzeko”.

Hori guztiori kontuan hartuta, “dei egiten diegu elkarteei, Udalari eta hainbat entitateri manifestu honekin bat egin dezaten, elkarrekin Arrasate inklusiboago, irisgarriago eta lagunkoiago bat lortzeko”.

Hau da, “pertsona guztiok bizitza osoaz goza dezagun, gora Urriaren Lehena! Gora! Gora adinekoen mugimendua!”.

Manifestua ANAKONeko Pili Uriartek eta Margari Gorrotxategik irakurri dute, eta ekitaldiko sarrera Jokin Etxebarria kazetariak egin du.

Ekitaldia, besteak beste, Maider Morras Azpiazu alkateak eta Jasone Giraldo Menendez Udaleko Ongizateko, Hezkuntzako eta Bizikidetzako batzordeetako buruak jarraitu dute.

Aldarrikapenez gain, emanaldian Joselu Anayak taldeak kontzertua eman du, eta ANAKONeko lagunek plazan prestaturiko hegaluze pintxoak eta edariak eskaini dituzte giro alaian.

Ekitaldi honek amaiera eman dio Nagusien Asteari, eta kontseilu antolatzailea oso pozik azaldu da lortutako emaitzarekin, besteak beste, ekitaldiek lortutako parte-hartzaile kopuruagatik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen