Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Guztiok Mugituz 2026 saria emango die Arrasateko Nagusien Kontseiluari Anakoni eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioari, Gipuzkoan garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko ahaleginagatik.
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, saria asteazkenean, ekainaren 17an, Donostiako Catalonia hotelean egingo den ekitaldian emango da.
Anakon eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioa, diputatuaren hitzetan, «gizarte zibilaren antolakuntzak eta herritarren parte-hartzeak errealitatea eraldatzeko eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko duten gaitasunaren adibide bikaina» dira.
Azahara Domínguezek gogorarazi du Arrasateko Nagusien Kontseilua, Anakon, funtsezko eragilea izan dela Debagoienean Lurraldebuseko zerbitzua hobetzeko. Azaldu du haiekin egindako lankidetzari esker 2024ko urrian Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta-zerbitzua jarri zela martxan. Zerbitzu horrek «harrera bikaina» izan zuen; izan ere, teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera ematen die txartelak modu erraz eta erosoan erreserbatzeko, telefono-dei soil baten bidez.
Diputatuaren hitzetan, «gaur egun Gipuzkoak duen garraio publikoaren zerbitzuaz gozatzen badu, neurri batean erakunde hauen lanari esker da. Erakunde horiek beren udalerria edo eskualdea hobetzea gizarte osoaren bizi-kalitatea hobetzea ere badela ulertu duten pertsonek osatzen dituzte», nabarmendu du.
Aldi berean, entzute aktiboaren garrantzia azpimarratu du: «Erakundeok guztion onuraren alde lan egiteko prest dauden pertsonak eta taldeak entzun behar ditugu; izan ere, horri esker, zerbitzu publikoak hobetzen eta herritarren benetako beharretara egokitzen jarraitu dezakegu».




