Lehenengo hiru ikastaroak antolatu ditu, eta izen ematea zabalik dago jadanik.
Covidak sortutako pandemiak gehiengoaren bizitza aldatu du, bai arlo pertsonalean, bai lan arloan. Amaia Albes da berrasmatu behar izan duen pertsonetako bat. Murrizketekin ospakizun gehienak, ezkontzak bezala, atzeratu egin behar izan dira. “Oso gogorra izan da, bikote batzuek 2022ra eta 2023ra atzeratu dituzte ezkontzak. Ez-jakingarritasuna izaten ari da gogorrena. Ez dakigu noiz elkartu ahalko dugun berriz. Pazientzia eduki behar dugu.”
Egoera horretan, aspaldi buruan zuen proiektu bat jarri du martxan, akademia eta moda-estudioa. “Akademia martxan jartzeko gogoa izan dut betidanik, eta momentu ona izan zitekeela pentsatu nuen. Itxialdiko orduak aprobetxatu nituen bideragarritasun plan bat egiteko; zer behar nuen, zenbat ikasle artatu ahalko nituen… Proiektua garatu nuen hainbat hilabetez baina gabonetarako ia borobildua neukan”.
Diseinatzaile arrasatearrak egoera honi buelta eman nahi izan dio, berak azaldu digunez
“Urtebete baino gehiago daramat fakturatu gabe, eta gastu fijoak ordaintzen jarraitu behar dira berdin. Aurrezkiak gutxika agortzen direla ikusita, inbertsioa egiteko unea heldu da: ikasle bakoitzarentzako josteko makina bat erosi, mahaiak… eta honela negozioa dibertsifikatu eta eraberritu”
Bi aste dira Amaia Albesek, bere sare sozialen bidez, proiektua martxan jarriko zuela iragarri zuen, eta pertsona asko jarri dira harremanetan diseinatzailearekin plaza bat gordetzeko. “Egongo dira ikastaro motxak eta luzeak. Zerotik hasi nahi dutenentzat, josten denbora gehiago daramanentzat, eta profesionaltasuna bilatzen dutenentzat.”

Gainera, Albesen asmoa akademia inguruko beste artisau eta profesional batzuei zabaltzea da. “Ez dut nahi joskintza akademia izatea soilik, moda munduko eta inguruko profesionalek ere ikasataroak emango dituzte. Espazio polita izan daiteke elkarlanean aritzeko, jendeak prozesu horiek ikusteko eta ikasteko: narrua, tinta-gai naturalak, teknika ezberdinak…”
Covid-aren aurkako neurriak errespetatzeko, eta ikasle bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko asmoz, diseinatzaileak gehienez 8 pertsonako taldeak egitea erabaki du. “Proiektuaren arabera, 6koak ere izan daitezke”. Oraingoz 3 ikastaro antolatu ditu eta bakoitzean 3 ordutegi egongo dira. “Goizez eta arratsaldez, erreleboka lan egiten duen jendean kontutan izaten saiatu naiz.” Gehiago prestatu dituela aurreratu digu eta laister kaleratuko dituela.
– Joskintza hastapena: urritik urtarrilera (20 ordu, astean ordu eta erdi). Oinarriak ondo ikasteko aukera emango du. Josteko makina ondo kontrolatuta ikastarotatik irtetea da helburua.
– Euskal jantzia I: gerruntzea eta mantala (maila altuagoa)
– Euskal jantzia II: gona eta zapiak (maila baxuagoa)
Akademia martxan jarri duela eta, Albesek erakusleiho berezia jarri du. Erakusleiho honekin, Felisa eta Segunda bere amonak omendu nahi izan ditu. “Omenaldi txiki bat egin nahi izan diet. Beraiei esker ni mundu honetan sartu nintzelako. Profesionalki josten aritu ez baziren ere, biak joskinak izan ziren, eta beraiek utzitako altxorrak jarri nahi izan ditut bertan ikusgai, eta horrela sarrera polita eman akademiari.”

Harremanetan jartzeko:
Telefonoak: 943 05 65 47 / 655 71 40 78
Helbide elektronikoa: info@amaialbes.com
Facebook eta Instagram: Amaia Albes Akademia eta moda-estudioa