Arrasate Aspaceko kidea BC1 kategorian gailendu da.
Argazkia: dxtadaptado.
Arrasate Aspaceko kidea Amagoia Arrietak urrezko domina irabazi du Erromako World Challenger txapelketan. BC1 kategorian gailendu da. Maila honetan eskuarekin edo oinarekin jaurtitzen dute eta laguntzaile baten laguntza behar izan dezakete aulkia doitzeko edo kirolariari bola pasatzeko.
Dordoka Klubeko jokalariak bi garaipenekin ekin zion txapelketari (8-1) Mei Yee Leung hongkonarraren aurka eta 7-2 Aurelie Aubert frantziarraren aurka (B multzoko liderra). Finalerdietan Satanan Phromsiri thailandiarra nagusitu zen berdinketa hausteko azken bolan (2-2). Eta finalean Andreza Vitória de Oliveira brasildarrarekin neurtu behar izan zituen indarrak. Arrietak aurrea hartu zuen lehen partzialean, baina hurrengo bietan bere aurkariak markagailua irauli zuen (1-2). Laugarren eta behin betikoan, bere ezaugarri den patxadaz, zehaztasunez eta estrategiaz, markagailua iraultzea lortu zuen azken jaurtiketan garaipena eta urrea lortzeko (3-2).
Bere ibilbideko nazioarteko seigarren domina da, denboraldi honetan brontze bat lortu zuen Sevillako Europako Txapelketan 2021eko amaieran, eta zilar bat Varzimeko (Portugal) Povoako Munduko Kopan. Aurretik, taldekako brontze bat zintzilikatu zuen Sevillako World Open 2017 txapelketan, eta bi zilar eskuratu zituen Nymburkeko (Txekiar Errepublika) Open Erregionalean 2019an. Arrieta Tokioko Joko Paralinpikoetara joatetik gertu geratu zen, Paris 2024rako bideari bikain ekin dio eta munduko rankingeko Top 3an finkatuta dago.