Ziorlako balkoiaren inguruan, autopista egin zutenean, “badirudi lur kutsatuak kudeatzeko aurrekontu nahikorik ez zutela” eta lur kutsatuak Altzarron utzi zituzten. Aldundiak berauek kentzen ibili zen 2019an. Udaleko Ingurumen Sailak gaur azaldu duenez “geratzen den lur kutsatua ez da beste munduko ezer”.
Eibar-Gasteiz “autopista egin zenean”, Epele inguruan, “lehenagoko bertedero bat zegoen, hondakin industrialak pilatuta”, Udalak gaur azaldu duenez.
“Badirudi lur horiek kudeatzeko proiektuak aurrekontu nahikorik ez zuela, eta lur kutsatuak Altzarrora eraman zituzten, behin-behinekoz”.
Altzarro inguruari Osinalde II ere deitu izan zaio, eta ‘Ziorlako balkoia’ren inguruan dago. Aldundiak 2019an lur kutsatu “denak bertatik eramatea aurrikusten zuen”, eta lanak batez ere 2019ko udazkenean egin zituzten.
Alabaina “badirudi Aldundiak ezin izan zuela guztiak eraman”, nahiz eta “lur kutsatu gehienak eraman zituen”.
Udaleko Ingurumen Sailak gaur azaldu du geratzen diren lur kutsatuak “printzipioz ez direla beste mundukoak, baina hemendik eraman ostean, Aldundiak edota Bidegik erabaki beharko dute lur horiek nola kudeatu”.
Aldundiak aurreikusten du “udaberrian, aurten Altzarron geratzen diren lur kutsatuenak bertatik eramatea. Ondoren, hemen geratuko diren beste lur kutsatuak ez dakigu noiz arte utziko dituzten”.