Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko elkarteak ‘Arrasaten alokairuko etxebizitza errazteko’ mozioa aurkeztu du. EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Arrasatek, “mozioko puntu batzuekin” ados azaldu dira, baina azaldu dute “beste puntu batzuk Eusko Jaurlaritzaren eskumenak direla”. EAJ-PNV mozioaren alde agertu da, adibidez “udal-bulego bat sortzearen alde”.
Framea: Arrasateko Udala.
Arrasateko IMME elkarteak ‘Mozioa, Arrasaten alokairuko etxebizitza errazteko’ aurkeztu du gaurko Udalbatzarrean. Mozioak ondokoa adierazten du:
“Arrasateko herritarrak gara, gure udalerrian bizi direnak eta bizitzen jarraitu gura dutenek. Hemen ditugu familiak, lagunak, sare soziala, lana,… azken batean gure bizitza. Edozelan ere, arazo handia dago etxebizitzaren inguruan, eta horrek zaildu egiten du bizimodu duina izatea”.
“Arrasaten ez dago beharbesteko alokairurako etxebizitzarik, publikoa nahiz pribatua, eta horrek zaildu egiten du gazte eta familia askoren emanzipazioa. Alokairuen eskaintzaren gabeziari gehitu behar dizkiogu alokairuen prezioak, izan ere, kopuru hori da etxebizitza eskuratzeko premia duten pertsonen eta familien diru-sarreren zati handia”.
“Badakigu jakin erakunde guztiak kezkatuta gaudela kontu honekin eta denak saiatzen ari direla arazo horri irtenbideak ematen. Etxebizitza Lege berri bat dugu baina alokairuaren merkatuaren eskaintza handitu beharrean zoritxarrez uzkurtu egin du. Espero dugu gure udalerria eremu tentsionatu katalogatzea, eta horrek laguntzea prezioak erregulatzen. Espero dugu ere neurri horrek izan dezakeen benetako ibilbidea eraginkorra izatea, ikusita zer gertatu den Etxebizitzaren Legearekin eta alokairu merkatuarekin”.
“Jakin badakigu ere Eusko Jaurlaritza arduratzen dela alokairuaren etxebizitza publikoa eraikitzeaz, eta Etxebide eta Alokabide bezalako programak kudeatzen dituela. Edozein modutan ere, alokairuko etxebizitza baten bila dabiltzan pertsona askorentzat zaila da harremanetan jartzea Etxebizitza Sailekoekin eta pertsona egokiarekin, arazoa konpontzen laguntzeko”.
“Izan ere, Eusko Jaurlaritza erakunde handia da, eta sail ugari ditu. Udala da herriarengandik hurbilen dagoen erakundea, eta sumatzen dugu hurbiltasun eta enpatia handiago baten hutsunea, tokiko esparrutik ere arazoa konpontzen laguntzeko. Horregatik proposamen hauek egin nahi ditugu, beti positiboki, gure Udalak ere etxebizitzaren arazoari irtenbidea eman diezaion”.
“Entzun dugu etxebizitzaren diagnostiko bat egin behar dela, dena den, alde batera utzi gabe egin gura den diagnostiko hori, uste dugu premiazko neurri batzuk har daitezkeela oraintse bertan, gehiago itxaron barik, gaur egun gure udalerriko etxebizitza aurkitu ezin duten pertsona eta familia horiei guztiei laguntzeko”.
“Proposatzen dugun premiaz sortzea bulego bat, hurbilekoa, etxebizitzen alokairuan zentratua, batetik alokairurako etxebizitza behar duten familiek askotan zailtasunak izaten dituzte higiezinen agentziekin jarduteko, bai hizkuntzarengatik, bai ezagutza eta konfiantza faltagatik”.
“Era berean, ematen du saila eta konplikatua dela Eusko Jaurlaritzaren programa batzuk direla eta, sailekin komunikatzea. Hori dela eta, udal-lehiatila bakarra behar dugu, alde batetik lagunduko diguna kudeatzen higiezinen agentzia pribatuekin aritzen, eta bestetik, bitartekari jardungo duena beste erakunde batzuekin, hala nola, Eusko Jaurlaritzarekin”.
“Proposatzen dugun Udalak programa bat abian jar dezala alokairuko etxebizitzen jabeei zuzenduta, pertsona horiek euren jabetzak alokairuan arrazoizko prezioetan jar ditzaten sustatzeko. Udalari eskatzen diogu premiaz kudea ditzala San Andres auzoan jabetzan dituen partzelak alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko”.
“Jakin dakigu Polmetasako etxeak eraiki diren eremuan Udalaren jabetzako partzela bi geratzen direla etxebizitza publikoa eraikitzeko. Udalaren eskatzen diogu behar diren gestioak egin ditzala alokairuko etxebizitza publiko horiek berandu baino lehen egia bihur daitezen”.
“Gure burua eskaintzen dugu udalerriko etxebizitza hutsei buruz egin behar den diagnostikoan parte hartzeko, eta kontuan hartu daitezen ere arazo honi aurre egiteko orduan gizarte-eragilerik eta gizarte-talderik kalteberenak. Gure lankidetza eskaintzen dugu eta eskua luzatzen dugu arazo honi heltzeko, gure herriko pertsona askori eragiten dio-eta”.
Mozioaren irakurketaren ostean, PSEk adierazi du “mozioaren eskaerak, aldarrikapenak eta proposamenak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak direla”. Gaineratu duenez Udalak alokairuaren arazoari “aurre egiteko baliabide propiorik ez dauka”.
Elkarrekin Arrasatek ere argudio bera azaldu du, “Udalaren eskumenak ez dira eta beraz ezin dugu mozioa bere osotasunean babestu”.
EAJak adierazi du “uste dugu udal-bulego bat sortzea posible dela”, hala nola “bitartekaritza egiteko egokia izan ahal da eta programak martxan jartzeko”.
EH Bilduk adierazi du Arrasate gune tentsionatu eskatzeko lanketa “egiten ari dela Udala, eta horretarako jada bilera bat egin du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin”
“Bertan adierazi zitzaigun, azterketa egin ondoren, 3 urtetarako ekintza-plana osatu beharko genuela, eta horretarako tresnak eta dokumentuak helaraziko zizkigutela”.
“Bestalde, gai honetan Udala baliabideak parketatzeko prest azaldu da, eta laster haiekin batzarra izango dugu”. Mozioaren puntu batzuekin “ados gaude, baina beste batzuek instituzioen arteko lankidetza eskatzen dute, eta horretarako ere prest gaude. Beste batzuek bestelako lanketa behar dute, marko orokor batean”.
Adierazpenen ostean, bozketako emaitzak ondorengoak izan dira:
Abstentzioak: 10 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
Aldeko botoak: 7 (EAJ-PNV)
Aurkako botoak: 2 (PSE)
Hortaz, aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan direnez, mozioa onartutzat eman da.
Mondraberriren oharra: albistea argitaratzean adierazi dugu mozioa ez dela onartu, baina ez da horrela izan, mozioa onartu baita. Goiko testua zuzenduta dago, barka eragozpenak.




