Udal-gobernuak jakitera eman duenez, atzo eta gaur arteko gauerdi partean, “24:00ak baino lehen, pertsona ezezagun batzuek pintadak egin” dituzte “esparru pribatu batean”.
Argazkia: Udal-gobernua.
Pintaketak EAJ-PNVko alkate Maria Ubarretxenaren etxeko atarian egin dira, “jarduera publikoaren eremuaren muga eremu pribatu eta familiarrera igarota”.
Pintaketak adierazten zuen “Mozalik ez, adierazpen askatasuna”, eta Udal-gobernuak adierazi du “gertakari hau norberaren eta familiaren askatasunaren aurkako eraso larria” dela.
EAJ-PNV eta PSEren hitzetan ekintza egin da “herriko alkatea hertsatzeko, beldurtzeko eta jazartzeko helburu bakarrarekin”.
Jakitera eman dutenez “salaketak jarri dira Udaltzainetan eta Ertzaintzan, jazarpena eta kalteak eragiteagatik”.
Halaber, Udal-gobernuak adierazi du “ez dugula ulertzen pintada horren arrazoia, ezta alkateari zuzentzeko arrazoia ere”. “Beste goiz bat irainez eta errespetu faltaz, zentzurik gabe, eskrupulurik gabe, arrazoirik gabe”.
Udal-gobernutik ukatu dutenez “ez da egia Arrasaten Mozal Legerik aplikatzen denik. Arrasaten hainbat leku ditugu gure iritzia emateko. Adierazpen askatasuneko herri batean bizi gara, eta adierazpen horrek guztiekiko errespetuzkoa izan behar du”.
Arrasateko EAJ-PNV eta PSEtik “gure babes osoa adierazi nahi diogu Mariari eta bere familiari, eta irmoki gaitzesten eta arbuiatzen dugu ekintza larri hau”.
Iragarri dutenez “Gobernu taldeko alderdiok datorren astelehenean egingo den bozeramaileen bilerara eramango dugu gai hau”.