Gaur arratsaldeko osoko bilkuran bozkatuko da araudi berria.
Gaur eguerdian, Arrasateko Udalak, Ibon Arrupe Hirigintza zinegotziaren eskutik, Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria aurkeztu du. Gaur arratsaldeko osoko bilkuran bozkatuko da araudi berria, “behin herritarren proposamenak landu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren iradokizunak uztartu ostean.”
Arrupek prentsaurrekoan azaldu duen bezala, “Alde Zaharreko Hirigintza Plana berrikuntza garrantzitsuak izango ditu. Hirigune historikoan indarrean zegoen hirigintza-araudi murriztaileak, Erdi Aroko gunearen momumentu-izaera babesteko 2000. urtean aldarrikatutakoak, arazo ugari eragin ditu egoiliarren eta merkatarien beharrizanekin uztartzeko.” Azpimarratu du ere, “Araudi berriak Alde Zaharra erakargarriago egitea du helburu, bizitzeko eta lan egiteko hirigune bilakatuz, baina haren monumentaltasunaren kontserbazioaren arteko oreka mantenduz. Alde Zaharra biziberritu nahi dugu bi ideia nagusiren bueltan: Alde Zahar bizi bat eta eraberritua”.
1997an Eusko Jaurlaritzak 26/1997 Dekretuaren bitartez Monumentu Multzo izendatu zituen Arrasateko Alde Zaharraren almendra osatzen duten Ferrerias, Erdiko Kalea eta Iturriotz kaleak. 2000. urtean osatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasateko Alde Zaharraren Birgaitzerako Plan Berezia. Plan honek, monumentu multzoaz gain, Maalako errebala, Olarte eta Gazteluondo kaleak babestu zituen.
Arrasateko eragile ezberdinen adostasunarekin, garai berrietara egokitzeko Plan Berezia berrikusteko prozesua ireki zen 2019an. “Helburua izan da araua berrikustea alde zaharra gune bizia izaten jarraitu dezan. Erraztasunak emateko etxebizitzak berrizteko eta jarduera berriak ezartzeko. Beti ere, bizilagun eta eragile berrientzako gune erakargarria izan dadin, alde zaharraren etorkizun oparoa bermatzeko. Guztira 20tik gora proposamen jaso dira 2019tik. 2020an eta 2021ean Aholku kontseiluarekin batera proposamenak landu ziren.”
“Honakoak dira aldaketa nagusienak:
- Eskaparateen zabalera gaineko araua asko malgutzen da, karratuak izan ahalko direlarik. Hau da, eskaparateek altuera bezalako zabalera izan ahalko dute.
- Alde zaharra bi gune ezberdinetan banatzen da. Alde batetik almendra (berdez planoan) eta bestetik arrabalak (gorriz planoan). Arrabalen babes maila malgutzen da, 26/1997 Dekretuaren zorroztasunetik askatzen baita. Adibidez; trasteroak egiteko sotoak eraiki ahal izango dira, fatxadetan begiratoki berriak jarri ahal izango dira eta Biteri Plazara ematen duten fatxadetan toldoak jarri ahal izango dira.

- Aisialdirako gune irekiak eta berdeguneak egonkortzen dira; Hotel Arrasate atzealdeko partzelari (Maalako Errebala) eta Ferrerias kaleko Irati Topagunearen ondoko bi partzelei eraikigarritasuna kentzen zaie (Arotz plaza), espazio publiko bihurtuz. Horrela, 3 partzela horietan ezingo da ezer eraiki. “Adibidez, bizilagunek leihoa eta balkoiak atera ahal izango dituzte, fatxadak konpondu, eta Irati Tabernaren kasuan, terraza ez da behin-behinekoa izango.”

- Udal zerbitzu publikoak Alde Zaharraren muinean mantendu eta etorkizun batean eremu honetatik kanpo daudenak ere bertara ekartzeko, Erdiko kalea 11 eta Zeharkale Estalia 1 eraikinei etxebizitza erabilera kalifikazioa aldatzen zaie zerbitzu publiko erabileragatik. Zeharkale Estalia 1aren %50 baino gehiagotan dagoeneko Udal Zerbitzuak daude ezarrita.
- Iturriotz 13aren (Alai zinema) erabilera etxebizitzak izan ahalko dira, beti ere bajuak udal zerbitzu publikoak eskaintzeko aukera bermatzen bada.

- Abandonatutako eraikinak berreraikitzean ordaindu beharreko karga urbanistikoei aurre egiteko hobariak ezarri dira.”
Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezia www.arrasate.eus web orrialdean dago eskuragarri.