Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, Pepa Bojók ‘Jarri begirada zahartzaroan’ hitzaldia eskaini du. Kulturateko areto nagusian bete du hitzaldia.
Pepa Bojó psikologoa, sexologoa eta feminista da, eta emakumeen osasunarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako gaietan aditua. Gainera, Jabetze Eskolan hezitzaile lanetan aritu da urte askotan.
Bojók hasiera eman dio hitzaldiari esanez “nagusitzean erronka berriei aurre egin behar zaie, eta erronka horiek ez dutela zertan onak edo txarrak izan, beste ikuspuntu batetik egin behar diegula aurre baizik.” Azpimarratu du, halaber, “edadista den gizarte batean bizi gara, non batez ere gaztetasuna baloratzen den, eta adinekoei sentiarazten diela ez dutela ekarpenik egiten. Esperientzia ez dago behar bezala baloratuta.”
Psikologoak adinekoentzako tratu duina eskatu du. “Gizarteak haur moduan tratatzen ditu adinekoak, eta aurresuposatu du ez dituztela ezagutzen zenbait gauza, hala nola teknologia berriak. Gizarteak ikusezinak bihurtzeko joera du, eta ez zaie iritzia eskatzera edo intimitatea errespetatzen.” Bojók dioenez,”horri aurre egiteko modua aktiboan mantentzean dago gakoa, ahal den neurrian aldaketeei egokituz.”

Erreferenteak nola aldatu diren ere azaldu du, “gizartearen bilakaera hain azkarrak, gure erreferenteak aldatzea edo desagertzea eragin du. Gure gurasoak edo aitona-amonak ez dira zahartze eredu, ez dakigu nola iritsiko garen bizitzaren etapa horretara. Zahartze eredu berri bat sortu behar dugu, aldaketei aurre egiteko.”
Bojók azaldu duenez, “etapa berri honek loratzen jarraitzeko unea izan behar du. Erabat bizitzen jarraitzeko, eraldatzen. Pertsona bakoitzak zahartzeko modu berezi bat du, faktore ekonomikoek, sozialek, hezkuntzakoek eta abarrek baldintzatzen dutena. Sexuak ere baldintzatzen du.” Azpimarratu du “emakumeek, historikoki, desberdintasunaren erronkari aurre egin behar izan diote. Pentsio baxuagoak dituzte, familia-karga handiagoak, besteak zaintzen denbora gehiago ematea bezala.”
Hala ere, Bojók zahartze aktiboaren egin du. “Ezin dugu generikaren aurka borrokatu, hala ere, gure esku dauden faktore asko daude, hala nola, bizitza osasungarriko ohiturak mantentzea, gure emozioak eta estresa maneiatzen ikastea, proiektu propioak garatzea eta adiskidetasun-sareak sortzea. Kolektibo honek duen arazo handienetako bat bakardadearena da. Alderdi batzuk gizartearen mende daude ondo zahartzeko, eta beste batzuk gure mende daude. Horretan egin behar dugu lan.”
