Alazne Zubizarreta arrasatearrak Ertibil Bizkaia Lehiaketa irabazi du

0
618

Ur-tintaz eta akuafortez egindako 24 grabatu aurkeztu zituen lehiaketara. Irudietan “izaki ezberdinak, kolore planoak eta espazio pixka bat apurtuak agertzen” direla azaldu du. Erakusketa zabalik duzue Bilboko Rekalde Aretoan.

Argazkiak: Tabakalera eta Rekalde Aretoa.

Alaznek (Arrasate, 1994) Arte Ederren ikasketak egin zituen, eta azken urteotan grafika hedatuarekin zerikusia duen esparrua aztertu du, bera praktikaren bitartez.

Egun Bilbon bizi da, eta bertako Rekalde Aretoari azaldu dio Ertibilera aurkeztu duen pieza ‘Clotet Cream’ deitzen dela, 24 grabatuz osatutako seriea.

“Ur-tintaz eta akuafortez egindako irudiak dira, eta bertan izaki ezberdinak, kolore planoak eta espazio pixka bat apurtuak agertzen dira”.

Izenburu hori jarri zion “jateko gustuko dudan esneki bat delako”, eta era berean “irudietan ere gustuko ditudan gauzak jarri ditudalako”.

Hortaz, “plazeretik edo gozamenetik irtendako gauzak dira, eta izen arbitrario bat jarri nion”.
Serie honetan lanean 2020ko bukera aldera hasi zen baina “berez estanpak eta beste dena 2021eko martxorako amaitu nituen, erakusketa baten harira”.

Lanaren emaitzarekin “gustura geratu nintzen eta aproposa iruditu zitzaidan Ertibilera aurkeztea”.

Egun marrakigintzan lanean darrai, “eta egia da polikiago nabilela ez dudalako beste erakusketa bat sortzeko presiorik edo dena delakorik”.

Gainera “gura dut beste erregistro batzuk aztertu, grabatua teknika oso itxia denez, baldintzatu egiten du nire marrazketako irudiak sortzeko modua.

Alazne Zubizarreta Monteroren lanak, besteak beste, Kulturaten izan dira hirutan ikusgai: ‘Artean, hamaika emakume artista’ren bi edizioetan eta ‘Itzuli barik’.

Egun bere lanak eta beste zenbait gazte sortzailerenak ikusgai dituzue hiriburu bizkaitarreko Rekalde Aretoan, Alameda Rekalde kalean.

Esposizioa zabalik dago asteartetik igandera (biak barne) eta jaiegunetan. Martitzenetik zapatura goizez eta arratsaldez. Astelehenetan itxita. Domeka eta jaiegunetan goizez zabalik. Zorionak Alazne!

Informazio zabalagoa hemen klikatuz

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen