Alarma soziala, adizioen aurkako legeak ez betetzearen aurrean

0
1412

TESTUA: KATEAREN LOTURAK

Katearen Loturak, menpekotasunak edo/eta Patologia Dualak dituzten Pertsonen senide elkarteak, publikoki salatu ditu botere publikoen nahaspilak, ez direlako kapaz gaixo hauek behar duten tratamendu integralari heltzeko. Paziente hauek tratamendu barik geratzen dira, euren familien etxeak ospitale gisa aritzen dira, eta familiakoek psikologo lanak egiten formakuntzarik ez duten arren.

Familiek ez daukagu inolako laguntzarik desgrazia honi aurre egiteko. Antsietatearekin, estresatuta, neka-neka,… gaude ikusten inpotentziarekin gure hurbileneko gizakien suizidio geldoa. Eguna ematen dugu arazoaren berri ematen udaletako Gizarte Zerbitzuei, aldundiei, Osasun Sailari, eta ikusten dugu eurek gaia bata besteari pasatzen diotela, hainbat lege eta protokolo bete barik. Lege eta protokolo hauek publikatuta daude, baina badirudi inork ez dituela serio hartzen.

NAHIKOA DA, NAHIKOA DA, NAHIKOA DA,… familiez abusatzeaz. Politikariak izan daitezela arazoa konpondu eta aurpegia eman dezatenak. Soluzioak behar ditugu. Hilabeteak daramatzagu Nekane Murga osasun kontseilariarekin bildu nahian, baina ez dugu hitzordurik lortzen.

Iñigo Urkullu lehendakariak jakin badaki bere sailen artean deskoordinazioak daudela. Lehendakari Jn., zure sailburuek ez badute euren zeregina betetzen, honek ez al du ondoriorik?

Gu herritar gisa gure zereginak bete behar ditugu ezinbestean. Zergak ordaintzen ditugu eta zerga horiekin arazoak konpondu behar dizkiguzue. Baina… nola konponduko dizkiguzue gu entzun ez baduzue nahi?

Osasun sailburua prentsa guztian ikusten dugu… baina badirudi herritarren zerbitzura ez dagoela, ez baitugu gu entzutea lortzen.

Inork ez al du ulertzen etxean gaixoak ditugula? Gazte hauek okerreko aukera hautatu zuten, baina adizioak dituztenez, sartu ziren espiraletik ezin dira irten, gauzak aldatzeko borondate barik, kanpoko laguntza behar dute sorgin-gurpiletik irteteko. Gazte hauetako batzuek, tratamendu egokia ez dutenez, euren kontsumorako delituak egiten dituzte, alarma soziala eraginez.

Ikusi dugu ez direla betetzen:

Konstituzioaren 43. artikulua

12/2008 protokolo soziosanitarioak

1/2016 drogamenpekotasun legea

Lege hauek betearazten ez dituzten politikariei ez zaie konturik eskatzen. Baina legeak ez betetzeagatik gure hurbilekoek delituak egiten badituzte, estigmatizatuak izaten dira, eta kartzelera zigotzen dituzte, errehabilitazio zentro batean sartu ordez. Sumatu dugu espetxeetan kaleetan baino droga gehiago dagoela. Espetxeratutako delinkuenteen perfila aztertzeko benetako interesa egongo balitz, ziur gaude gehienak errehabilitazio zentroetan hobeto egongo liratekeela.

Honen arrazoietako bat da errehabilitazio zentro egoki nahikorik ez egotea, eta daudenak saturaturik daude. Beste batzuek ez dute tratamendu zuzena ematen, edo ez dira integralak. Katearen Loturak irtenbideak proposatzen saiatzen da baina inork ez gaitu entzuten.

Beste behin legeek pertsona hauskorrenak baztertzen dituzte.

Norbaitek aztertu al ditu azken urteetako gazteen arteko drogen eta adizioen hazkundea?

Arazo honi ez badiogu lehenbailehen heltzen, ez da diru nahikorik egongo gastu hori egin ahal izateko. Senideak eta hurbilekoak laguntza oihuka eskatzen gabiltza. Arrasateko alkatea Maria Ubarretxena animatzen dugu – garaian arazo honen aurrean Fiskaltzari komunikabideetan laguntza eskatu ziona – orain soluzioak eska diezaizkiola osasun Sailburuari eta Aldundiari, adizioen inguruko legeak eta protokoloak behingoz bete daitezen, horrela, egunen baten gure bizitzan eguzkia atera dadin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen