Urkullu lehendakariak ez ditu baztertu “zona edo udalerrien itxiera perimetralak”

0
924

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio EAEn eta estatu osoan alarma egoera ezartzeko. Urkulluren nahia da “ahalik eta azkarren eta arretaz jardutea, herritar guztien osasuna zaintzeko”.

Argazkia: EITB.

Gaur arratsaldean, Lehendakaritzako agerraldian, Urkullu lehendakariak adierazi du alarma egoera eskatzearen helburua “ez dela Euskal Autonomia Erkidego osoa konfinatzea”.

Hala ere, “pandemiak hala eskatuko balu”, ez ditu baztertu “zona edo udalerrien inguruko itxierak, eta konfinamendu zorrotzagoak, gune zehatz batzutan ezarriko liratekeenak edota Euskadi osoan”.

Gaur eguerdian Jaurlaritzak jakinarazi du Urkullu lehendakariak Sanchez espainiar presidenteari iragarri diola gaur eskaera ofizial bat bidaliko ziola, alarma egoera ezar dezan.

Urkulluk adierazi duenez, bere nahia da “ahalik eta azkarren eta arretaz jardutea, herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko”.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lehendakariak Sanchezekin telefonoz hitz egin du, eta asmoaren berri eman dio. Gogoan izatekoa da atzo EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ez ziola Jaurlaritzari baimenik eman leku publiko eta pribatuetako topaketak sei pertsonara mugatzeko.

Jaurlaritzak azaldu du alarma egoera eskatzeko erabakiak Osasun Sailaren aldeko irizpena duela, bai eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoarena ere. Madrili eskatu dio erkidegoak berak mantentzea agintea, espainiar estatuarekin “modu koordinatuan” jardunda.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen