“Alabak elikadura-portaeraren nahasmenduak sufritzen ditu, beharrezkoa da Osakidetzak, Udalak,… gehiago laguntzea”

5
3236

Arrasateko Jacobo Aliriok oso kezkatuta eta argi hitz egiten du: “Nire alabak betekada nahasmendua eta bulimia sufritzen ditu. Bitan egon da ingresatuta eta bere buruaz beste egiten saiatu da”. Ohartarazi duen bezala, “gero eta pertsona gehiagok sufritzen dituzte gaixotasun hauek” eta beharrezko ikusten du erakunde publikoek baliabide gehiago jartzea.

Aita hau Arrasate Izozkitegiko arduradun eta langileetako bat da, eta bertan hartu gaitu arazoa azaltzeko. “Nire alaba, Donostiako Psikiatriako ingresoan egotean, masa muskularra kontrolatu diote eta pilula asko eman dizkiote, baina ez dute arazoa sakonki tratatu, behar bezala tratatu”.

“Nire alabari ingresoetan eskuak lotzen zizkioten, bera agresiba jartzen zelako edota bere burua kaltetu ez zezan, hau da, bere gorputzean mozketak egin ez zitzan”.

“Lotuta zegoenez, ezin zuen txiza egitera joan, eta txiza gainean egin behar… Ingresoetan nabarmenak dira pazientearekiko maitasun falta, arreta falta eta enpatia falta”.

“Ingreso baten ostean, nire alabak orain ezin ditu ikusi ere egin olioa eta yogurtak. Ni han egon nintzen, eta ikusi nuen nola behartzen zuten ura edatera. Kartzela bat bezalakoa da, infernu bat”.

“Denbora bat han egon ostean, etxera bueltan bidaltzen zaituzte, eta etxean pildora gehiago hartzea errezetatzen dizute. Gaixotasun oso gogorrak dira, nire alaba bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta hiltzear egon zen.

“Jan ostean botaka egiten du etengabean, eta oso latza da ikustea zure alaba bere gorputzean mozketak egiten dituela, kaltetzen duela. Horren aurrean zuk ezin duzu ezer egin”.

“Osasun publikora joan ginen baina Osakidetzak ez dauka elikadura-portaeraren nahasmenduetan espezializatutako unitaterik. Beharrezkoak dira profesional espezializatu gehiago”.

“Osakidetzak Arrasaten hilabetean kontsulta bat soilik onartzen du. Guk borrokatu egin dugu eta bi lortu ditugu, baina beharrezkoa da astean behin kontsulta izatea”.

“Osakidetzaren gabezia hauen guztien ondorioz, osasun pribatura joan behar izan gara eta dirutza bat gastatu behar izan dugu”:

“Bartzelonan ospitale bat dago baina kostua 6.000 eurokoa da hilabeteko. Nork ordainduko du hainbeste diru? Gasteizen eguneko zentro batean prezioa 1.500 eurokoa da aste bakoitzeko. Ezin dugu horrelako dirutzarik ordaindu”.

“Guk negozio hau, Arrasate Izozkitegia, abiatu genuen duela bi urte, eta ez daukagu hainbeste diru. Gure aukera bakarra ACABE elkartea izan da”:

“Gero eta jende gehiagok ditu elikadura-portaeraren nahasmenduak, eta ACABEk arazo honi aurre egiten laguntzen du, Donostian esaterako. Gaixotasun hauek dituztenen artean badira kirolariak, haurrak (mutiko eta neskatilak),…”.

“Elkarte bikaina da, diru asmorik gabekoa, ACABEko Yolanda psikologoa Arrasatera etortzen denean, nire alabak berarekin hitz egiten du, jarrera irekitzen du eta nire alabari oso ondo datorkio”.

“Lehenago Osakidetzako psikiatra batekin zegoen, baina ez zegoen feeling-ik eta orain beste psikiatra batekin dago, eta honekin hitz egiteak ere oso ondo datorkio. Tratamenduaren hasieran medikamendu gehiegi errezetatzen zizkioten”.

“Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta ACABEko psikologoak bere poltsikotik ordaintzen du Arrasatera etortzeko egiten duen bidaia. Gainera, bertako lokala xumeegia da”:

“Eserleku bat baino ez pazientea eser dadin, bero itogarria egiten du, eta psikologoak hitzordua paperean eman behar izaten du. Lokal duinago bat beharrezkoa da, beste lokal batzuk berritu diren bezala. Baita erraztasunak ematea ere psikologoak kontsulta-ordu gehiago eman ahal ditzan”.

“Gainera, oso garrantzitsua da hitzaldi irekiak antolatzea Arrasaten, behintzat hilabetean behin. Udalak hori egin behar luke. Uste baino jende gehiagok sufritzen ditu elikadura-portaeraren nahasmenduak, baina ez du jendaurrean onartzen, lotsagatik adibidez”.

“Gurasoei gomendatzen diegu adi egotea euren seme-alabek otordu batzuetaz paso egiten badute. Hau ez da moda bat, eta arazoaren aurkako zerbitzuak gainezka egiten ari dira”.

“Duela 15 egun inguru, hauteskundeak ate joka zeudenean, audio batean politikari bati entzun nion elikadura-portaeraren nahasmenduen arazoari helduko ziotela. Baina ez dut aurreapausorik ikusi”.

“Aurreko astean nik hemen, izozkitegian, zinegotzi batekin hitz egin nuen. ACABEk lokal bat erabiltzen du Arrasate pasealekuan, baina ez dute ACABE nahikoa laguntzen”.

“Lehen Aretxabaletako Kurtzebarri eskola publikoan ikasten zuen, eta Almenera aldatu genuen baina lesioak egiten zituen, erretzen zuen,… eta ikastetxeak etxera bidali zuen”.

“Irakasleak etxera etortzen ziren berak etxetik ikas zezan, baina nire alaba, hainbeste medikamendu hartzearen ondorioz, ezin zen ikasteko kontzentratu”.

“Horregatik alabari esan genion momentuz ikasketak geratuko genituela, bera osatu arte. Aretxabaletako ekitaldi publiko batera joan zen baina batzuek ez zioten bertan parte hartzen utzi”.

“Horren ondorioz, nire alaba mespretxatuta sentitu zen eta antsietateak jota aurkitu nuen Bergaran ibiltzen, Zumarragako noranzkoan, bi zangoetan berak egindako mozketak zituela”.

“Almeneko zuzendariarekin bilera bat egin genuen, baina azken hiru hilabeteetan ez dugu eurengandik animo mezurik, telefono deirik,… jaso, hori bai, kuota pasatzen jarraitzen digute. Oso minduta gaude”.

“Adi, gero eta pertsona gehiagok sufritzen dituzte gaixotasun hauek, eta bere ingurukoek (senideak, lagunak, irakasleak,…) ez dakigu zer egin. Gizarte osoaren arazo bat da. Arazo hau ez diot inori opa”.

5 IRUZKIN

  1. Animo Jacobo! Esan alabari gure partez asko maite dugula. Baita zuek ere.
    Familia, os queremos mucho, no dudéis en llamarnos. Un beso/Muxu handi bat.

  2. Horrelakoak irakurri ostean, gauza bakarra datorkit burura.
    Noiz arte begiratu behar duzue, zuok, politikook, beste alde batera?? Noiz hasiko zarete zerbitzu publikoak hornitzen? Horrelakoak irakurri ostean ez zaizkizue barruak nahasten??

    Duintasunik gelditzen bazaizue, jarri martxan, jo behar dituzuen ateak jo eta heldu arazoari.
    Utzi eolikoak, autopistak eta trenak alde batera eta entzun herria!! Osasun publiko indartsua behar dugu orain, berandu baino lehen!!
    Zuri Jacobo, besarkada estua. Eutsi, merezi du eta.

  3. Mucho ánimo !! Familia saben que los queremos , apoyamos .. Aquí se está escuchando el relato de una familia que está en la lucha.. y tienen que hacerlo visible para buscar soluciones entre todos

  4. Ánimo Jacobo, es cierto necesitamos sitios especializados para estos trastornos, y no los hay, centros al alcance de personas como nosotros pero orientado 100% a estas patologías. Hay muchas personas que lo sufren es muy duro, todo mi apoyo😘

  5. Gizarte osoari dagozkion arazo bat ikusgai jartzea. Osasun mentala. Gure gazteentzako baliabide falta erabatekoa.
    Instituzio guztien laguntza beharrezkoa da, ekintza konkretuak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen