Espainiar estatuaren “ankerkeria bideari ateak ixtera” dei egin du bilkurak

0
369

Beheko testua: ANkerkeriari Stop! ekimena

Iritsi da epaia. Berretsi da injustizia; beste behin ere haien errelatora kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak Aitor eta Galderri.

Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea, ordea, ez da hemen amaitzen, inondik inora. Bidegabekeria onartezin honen aurrean, eskura ditugun bide guztiak agortu arte jarraituko dugu borrokan.

Justizia deitzen diote, mendekua denean. Anakronikoa dirudien auzi honek agerian utzi du, beste behin, zein den espainiar “justiziaren” izaera, eta hau indarrean mantentzeko erabiltzen dituen mekanismoak. Operazio honek, baina, izen-abizenak ditu; Ertzaintza eta EAJ-PNV. Beraiek egindako txosten batetatik tiraka iritsi dira Aitor eta Galder Madrilera, eta beraien muntaiaren ondorioz daude biak espetxeratzeko arriskuan.

Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa. Konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua baizik.

Orain, inoiz baino gehiago, indarrak batu eta ankerkeria bide honi ateak ixteko momentua dela deritzogu. Izan ere, sententzia honekin ez da ezer amaitzen.

Beraz, bide berri bat irekiko dugu, injustizia hau ezagutzera emateko, kasua sozializatzeko eta herri honetako ahalik eta aktore politiko, sozial eta sindikal gehienek sententzia honen kontrakotasuna adierazteko.

Orain inoiz baino gehiago, Aitor eta Galder, zuekin gaude!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen