Aitor Montesek Legebiltzarrean bere kinka salatuko du EHBilduren eskutik

0
1430

Debagoieneko ESIko mediku euskaldunak “mehatxuak eta mespretxuak” salatu izan ditu, eta EH Bilduk Sagardui Osasun sailburuari galdetuko dio ea “zergatik Osakidetzak ez dituen neurriak hartu”. Baita ere “zein neurri hartuko duen mediku horren egoera behin betiko konpontzeko eta mehatxu egin dioten profesionalekiko“.

Argazkia: Berria – osaeus / Beheko testua: EH Bildu.

EH Bilduk Aitor Montes Aramaioko medikuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, Osasun Batzordean azal dezan zer nolako egoera, mehatxuak eta mespretxuak jasaten dituen Osakidetza barruan bere lana euskaraz egiteagatik, paziente baten historia klinikoa euskaraz idazteagatik, adibidez. Rebeka Ubera legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “mediku honek, beste guztiek bezalaxe, euskaraz jarduteko eskubidea du, eta Osakidetzari dagokio eskubide hori babestea eta euskaraz lan egiteak ez diola inolako ondorio kaltegarririk ekarriko bermatzea. Duela hilabete batzuk ere argibideak eskatu genituen kasu honi buruz, baina bistan da Osakidetzak ez dituela neurri eraginkorrak hartu, Aramaion arazoak bere horretan jarraitzen duelako, Aitor Montes jazarpen horren biktima izan delako berriz ere”.

Hori dela eta, Uberak azalpenak eskatu dizkio jada Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, pazienteen historia klinikoa euskaraz idazteko aukera eta eskubidea teorian behintzat aitortuta dagoelako. “Sailburuak, beraz, azaldu behar digu zergatik Osakidetzak ez dituen neurriak hartu bere profesionalen hizkuntza eskubideak babesteko eta errespetarazteko, zergatik onartzen dituen Aramaioko medikuak pairatu dituenak bezalako erasoak, zein neurri hartuko duen mediku horren egoera behin betiko konpontzeko eta, baita ere, mehatxu egin dioten profesionalekiko”.

Erlazionatutako albistea:

Aitor Montes mediku euskalduna “ez dagoela bakarrik” adierazi du bilkurak

2023ko abenduaren 1ean argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen