Aitor Etxarte Berezibar Ezkerreko euskalduna. “Errekaldetarren hirugarren belaunaldikoa”

0
1401

Testua: Esther Goikolea, Juan Ramon Garai, Julia Monge eta Eneko Barberena. Argazkia: Hedoi Etxarte.

Aitorren ama, Pilar Berezibar Galdos, Arrasatearra, Iruñera ezkondu zen. Haurdun gelditu zenean, bere desioa, semea Arrasatearra izatea zenez, herrira etorri zen erditzera. Hala, Aitor, Santamarina kaleko 3. zenbakian (egun 7. zenbakia) jaio zen, 1956ko otsailaren 7an, egunak iraun zituen elurte baten erdian.

1974 urtean, ikaslea zenean, Diktadura Hiltzaileen borroka klandestinoan murgildu zen, LIGA KOMUNISTAN eta Nafarroako ikasle komiteetan (COMITES DE ESTUDIANTES DE NAVARRA-CEN) hainzuzen ere. Ibilibide honetan, euskararekiko militante sutsua izan dugu Aitor. Beti konprometitua, kritikoa eta goxoa. Mundua eraldatu nahi horretan, pedagogia aukeratu zuen ogibide, eremu horretan ere bere esentzia, lana eta dedikazioa erein zuen eskuzabal eta maixutasunez.

Arrasatearra sortzez eta sentimenduz, ama Pilarren ardura herriarekiko lotura izatea zen. Bertako semea sentitu, izan eta lekua eman zitzaion. Beste lan askoren artean, bere familiaren historia berreskuratzen ibilitakoa dugu Aitor, berari esker jakin izan dugu “gorrixek pasatu zituztela gorri euskaldunak izatearren”, bai 1936an, bai eta diktaduran ere.

1936an golpe faxista izan zenean, lehen egunetik erresistentzian buru-belarri aritu ziren “Errekaldetarren lehen belaunaldikoak”. Horren ondorioz, familia honetako sei senidek borroka honetan bizia galdu zuten eta bizirik geratu zirenak gorrixek pasatu.

Ondoren, senitarteko batzuen datuak adieraziko ditugu. Dragones batailoko milizianoak: Juan Berezibar Ormazabal, Intxortan hil zuten; Lucio Berezibar Ormazabal, Balmasedan hil zuten; Eusebio Berezibar Otadui, Erresistentziako lehen egunetan Donostian erail zuten; Roman Berezibar Ormazabal, Asturiasen preso hartu eta gero, hil zuten.

Bere emaztea Frantziska Ojanguren Iribekanpos Oiartzunen erail zuten 1936ko azaroaren 5etik 6rako gauean. Azken biek desagerturik jarraitzen dute geroztik. Berezibar Ormazabalen aita zena; Amadeo Berezibar Aspe, Bartzelonako bonbardaketa batean hil zen 1938ko irailean.

Dragoneseko milizianoak izan ziren, Biktor Berezibar Ormazabal eta Zezili Berezibar Ormazabalen senar, Martxelo Vitoria Zabarte, erbesteratu ziren arren, denborarekin preso hartu eta Gurseko konzentrazio eremuan sartu zituzten. Berriz, Luzio Berezibar Galdos, Dragones batailoko gudaria preso izan zuten eta Arrasatera itzultzeko aukera eman ziotenean, ordura arte lan egiten zuten Union Cerrajera lantegian ez zioten lanik eman. Ez ziren familiako bakarrak izan lana egon arren, lanik eman ez zietenak zirenak izan zirelako. Hau horrela, Zezili, Maria eta Juana Maria Berezibar Ormazabal ahizpak eta Mikaela Galdos zein Ziriako Berezibar Aspe ere Union Cerrajerarik bidaliak izan ziren. Goian zeruan eta behean lurra zutela geratu ziren familia osoa.

Pilar Berezibar Galdos, Aitorren ama, “Errekaldetarren bigarren belaunaldikoa” zen. Belaunaldi honetako Zeziliren seme-alabak, Ana Mari, Jose Ramon, Edurne eta Olga Vitoria Berezibar ditugu. Mariaren semeak aldiz, Juan Jose eta Juan Luzio Gonzalez Berezibar. Mari Junaren alaba, Maria Teresa Pagoaga da. Emiliaren alaba, Natividad Garmendia Berezibar. Gabrielaren semea, Felix Santageda Berezibar. Ahizpa guzti hauen ama eta amandrea zen Simona Ormazabal Iñurrategi, erbestean egon ziren.

Familia honek izan zuen ibilbidea dela eta, Aitor askotan etorri izan zen bailarara erresistentziaren alde egiten genituen omenaldietara. Arbasoen bizipenak gogora ekarri eta justiziaren aldeko bide honetako kidea zen, dudarik gabe.

Gogoan izango ditugu betirako bere ekarpenak (datuak, argazkiak, historia…) eta bere azken egunetan eskerrak bidali zizkiguna “Memoriaren alde egindako lanarengatik”. Aitor, zu ere gure memorian egongo zara betiko, zure arbasoak egongo diren bezalaxe!

Pertsona oso eta handiei agur esatea ezinezkoa da, eta zurekin ere horixe gertatzen zaigu. Zure lana, laguntza dokumentatua geratuko da. Horren preziatu den eta zenuen EGIA eta JUSTIZIAREN ALDEKO BORROKAN, FRANKISMOAREN azken aztarnak desagertu arte, Euskal Herria libre eta Euskalduna lortu arte!

“Errekaldetarren laugarren belaundikoa” dugu Hedoi Etxarte Moreno, Aitor Etxarte Berezibiarren semea ere gure laguntzailea da gure MEMORIA berreskuratze lanetan.

Arrasatetik, Begoña, Hedoi eta Ziargiri doluminak eta besarkada indargarriak luzatu nahi dizkizuegu. Memorian ditugunak betiko geratzen dira gure artean! Oraintsu arte, adiorik ez!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen