“Aitaren omenez, bere margolanak ikusgai jarri ditugu Itzala tabernan”

0
1227

Marcelino Ruiz margolari arrasatearrak kalitate oneko koadro ugari egin zituen. Duela gutxi Inma eta Marta alabak animatu dira eta margolan horiek, Itzala tabernaren baimenarekin, bertan ikusgai jarri dituzte.

Nor izan zen zuen aita?

Gure aita Marcelino Ruiz ‘El pintor’ izan zen, 1947an jaioa. Ogibidez pintorea zen, “pintor de brocha gorda” esan ohi den bezala. Gu izan baino lehen, bera ezkondu baino lehen, ikasten ibili zen urte luzez Arte Ederretako irakasle batekin.

Nire aitak orduan egin zituen koadroek urte asko dituzte dagoeneko, pentsa nik 54 urte betetzear naiz eta koadro horiek lehenagokoak dira. Lan ederrak dira, teknika oso ona baitzeukan. Ikatz-marrazkia oso gustuko zuen, eta zigortzen gintuenean margotzeko agintzen zigun.

Tamalez, denboraren poderioz ahizpok margotzeko ohitura galdu genuen. Aita jubilatu zenean, margolaritzan berriro gorantz egin zuen, eta oleoa oso gustukoa zuen.

Horregatik askotan zelaira joaten zen margotzera, askotan Julio Galartarekin. Esan beharra dago Arrasaten margolaritzarekiko zaletasun handia dagoela. Nire aitak esaterako baserri ugari margotu zituen, eta pastel teknika ere erabili zuen.

Zenbat margolan egin zituen Marcelinok?

Uff pila bat, batez ere jubilatu baino pixka bat lehenago eta jubilatu ostean. Erakusketan 15 inguru jarri ditugu, eta markoztuta guztira aitak 60 inguru zituen. Horiez gain, beste pilo bat margotu zituen.

Nola prestatu duzue erakusketa?

Itzalako Rafak animatu egin gintuen aitaren margolanak bertan jartzera. Koadroei bilgarria kendu baino lehen, ni beldur nintzen, denboraren poderioz ez ote zeuden hondatuta, umeltasunak jota,… baina oso ondo kontserbatuta daude.

Margolan guztien artean aukeraketa bat egin behar izan dugu. Aukeraketa horretan ere kontuan hartu dugu erakusketarako margolanen artean koherentzia bat egotea. Saiatu gara erakusketak Itzala tabernari ahalik eta eragozpen gutxien eragiten.

Erakusketako koadroak erosgai daude?

Bai baina saltzeko oso zailak dira eta gainera erakusketa aitaren omenez jarri dugu, jendeak bere margolanak ikus ditzan. Norbaitek erosteko interesa balu, prezio bat jar liteke baina zaila da salneurri bat zehaztea. Prezio sinboliko bat jarriko genuke, helburua ez da aitaren margolanei errentagarritasun ekonomiko bat ateratzea.

Arrasaten margolaritzarekiko zaletasun handirik dago?

Bai, margolari ugari daude eta horietako hainbat oso emankorrak dira. Pentsa Arrasateko familia batek garaje bat alokatu behar izan du margolan guztiak kontserbatu ahal izateko. Emankortasun horren adibide Julio Galarta izan zen. Nik berak margoturiko lan bat daukat, eta oparitzeko ohitura zeukan.

Askotan gure herrian ez da artisten lana behar bezala aitortu, eta jendeak uste duena baino artelan gehiago daude. Erakusketa gehiago antolatu beharko lirateke, izan ere, gure herrian maila oso polita dago.

Koadroak berriro argitara atera ditugunean sentimendu ugari izan ditugu, eta erakusketan jendeak esaten dizunean koadroak gustuko dituela, sentimendu atsegina eragiten dizu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen