ELAk deituta, beste mobilizazio bat egin da, Herriko plazatik abiatuta, “greba sorta honi amaiera emateko”. Guztira hamar dira gatazka hasi zenetik egin dituzten greba egunak.
Argazkiak: ELA.
ELAk positiboki baloratzen ditu azken hilabetean egin diren greba egunek izan duten jarraipena:
“Zerbitzu minimo altuek langileei greba egitea ukatzen dien arren, ahal izan dutenak kaleak hartu dituzte eta batez ere Arrasateko ospitalean asko nabaritu da greba”.
Asteartean langileek Gasteizen Eusko Jaularitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, asteazkenean Arrasateko ospitalaren atarian egin zuten kanpaldia eta mobilizazioei amaiera emateko manifestazioa egin dute Arrasateko kaleetatik barrena.

ELAk, bestalde, gogor salatu nahi du “enpresa honek grebaren aurrean izan dituen jarrera eta ekintzak. Langileenganako presioarekin, greba eragin gabe utzi nahi izan du enpresak eta langileen batzordea gainontzeko lankideen aurka jartzea nahi izan du, langileen arteko zatiketa areagotuz”.
“Aita Menniren baloreen artean pertsonen giza eskubideak errespetatzea, enpatia eta pertsonen duintasuna daude, hala dio enpresak bere webgunean. Non dago langileenganako eta pazienteenganako errespetua?”.
Halaber, langileen batzordeak “jakin izan du urtean obra anitz egin direla ospitalean eta enpresa zentro berri bat irekitzear dagoela Donostian. ELAtik ondo deritzogu mota honetako inbertsioak egiteari, baina langileen lan baldintzetarako badirudi ez dagoela dirurik”.
Aita Menniko Zuzendaritzak “jarrera aldatu ezean eta gatazka hau konpontzeko urrats errealak eman ezean, ELAk langileen eta pazienteen ongizatea bermatzeko beharrezko urratsak ematen jarraituko du eta langileek mobilizazio eta greba dinamikak indartuko dituzte”.