“Aita Menniko langileok aldarrikatutako igoerak aplikatu ahal ditu zuzendaritzak”

0
1710
borrokan

ELA sindikatuak adierazi du ospitalearen superabitak ahalbidetzen duela soldaten igoerak. “Arrakala murriztu behar da behar da garbitasuneko langileen artean”. Lan-baldintzak “okertu dira eta ondorioz zerbitzuaren kalitateak behera egin du”.

Azken urteetan Aita Mennin lan-gatazka handia nabari da.

– Txema Kortabarria: Bai, tristea da, nik 21 urte daramatzat ospitalean lanean, eta beti, hitzarmena berritu behar izan den guztietan, Zuzendaritzak pegak jarri ditu. Borroken hasieran, Aita Menniko Zuzendaritzak beti esan digu ezinezkoa zutela gure aldarrikapenak betetzea, baina borroka eginda, aldarrikapenak bete dituzte.

21 urte hauetan Ospitalea ekonomikoki txarto egon al da? Ez, eta horren froga da Aita Menni handituz joan dela eta egoitza berriak zabaldu dituela Gipuzkoan zehar, eguneko zentroak, besteak beste. Beraz, zuzendaritzaren ezetzen arrazoiak ez dira galera hipotetikoak.

Kontuan hartu behar da Aita Mennik Arrasaten 3 zentro dituela, 2 Donostian eta zentro bana Eskoriatzan, Beasainen, Irunen eta Bilbon. Gainera, azpienpresa bat sortu izan du, eta horrekin kudeatzen ditu Arrasateko Iturbide egoitza, Oñatiko egoitza, Oñatiko eguneko zentroa, Bergarakoa, Soraluzekoa,…

– Hortaz, arrazoia ez da balizko egoera ekonomiko txar bat?

– Tx: Ez, Zuzendaritzak onartzen du izugarrizko aurrekontua duela, eta adibidez 2017an aurkeztu zizkigun kontuetan, superabita izan zuen. Kontua da Aita Menni ez dagoela enpresa bezala eraturik, irabazi asmorik gabeko erakunde bezala baizik. Gainera, mojen kongregazio bat dago. Ondorioz, Aita Mennik ez du euren diru kontuak erakusteko obligaziorik.

– Janire Diaz Jauregi: ELAren gabinete ekonomikoak azterketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen, alde batetik, Aita Mennik bankuekin zorrik ez zuela, hau da, irabazi garbiak izan dituela, eta bestetik, ahalmena eduki badaukala %7arekin langileen baldintzak hobetzeko.

– Tx: Guk 2018tik 2021 bitarterako planteatutako soldata igoerak Zuzendaritzak gauzatu ditzake: nahikoa du 2017ko %7ko horren erdia soldaten igoeretara zuzentzearekin.

Soldatei dagokienean, ezin dugu ahaztu emakumeen eta gizonen arteko arrakala. Horren erakusgarri dira garbitasun zerbitzuko emakumeen soldatak. Euren soldatak goragoko soldata-kategoriaren soldaten erdia baino ez dira. Arrakala hori ixteko nahikoa da zuzendaritzak urtean 10.000 € jartzea. Baina zuzendaritzaren erantzuna ezezkoa izan da.

– Aita Menniko pazienteekiko zerbitzuaren kalitatean gorabeherak izan dira?

– Tx: Tamalez ikusi dugu kalitateak behera egin duela. Ospitaleko gerente berrien erabakiak soilik etekin ekonomikoaren araberakoak izan dira. Horren adibide kontratazioak dira.

Ebentualtasun tasa %24koa da, azken urteetan igo egin da, eta kasu batzuetan, langileek ospitalean 14 urte lanean egin duten arren, ebentual kontratua egin diete. Holakoen ondorioz, OPEak deitu direnean, langile ugari Aita Mennitik joan dira, lan-baldintza hobeen bila.

Ondorioz, orain askotan bajak ez dira kubritzen, ikasketak amaitu gabeko pertsonak kontratatu dira,… Horrek guztiorrek zer-nolako eragina izan du zerbitzuaren kalitatean? Guk planteatu dugu lan-poltsa bat sortzea.

– JDJ: Langileen errotazio horrek pazientearen osasunean eragina du, kontuan hartu behar da buruko gaitzak dituzten pazienteak direla, langileekin binkulo bat izaten dutela,…

Gai oso delikatua da, arreta berezia eta egonkortasun mentala behar dituzte. Lan-kargak asko igo dira, eta esaterako, asteburu arratsaldetan erizain bakar bat dago 5 unitate zaintzeko.

– Tx: Egoera horretan, larrialdiren bat egonez gero, erizainak larrialdia kubritu beharko du, baina bitartean zeinek zainduko ditu beste paziente denak? Kinka larri batean, langile horrek erabaki beharko al luke zein paziente bizi eta zeini ezin bizia salbatu?

Langileak oso arduratuta daude zerbitzuaren kalitatearekin. Gogoan izan behar dugu ospitale bat dela.

– Aita Menni ekonomikoki ere Arrasaterentzat garrantzitsua da, ehunka langile baititu.

– Tx: Bai, 480 inguru gara. Kooperatibak alde batera utziz, Arrasateko lantoki handiena da seguruenik. Bailararentzat ere garrantzitsua da, familia askorengan eragina du.

Emakume izateagatik lan-baldintza okerragoak izaten dira.

– JDJ: Bai, arrakala dago, eta Aita Mennin langileen gehiengoa emakumea da. Ez da kasualitatea, zaintza-lanak emakumeei egozten zaizkielako. Jauzi bat eman behar dugu, batez ere garbitasun zerbitzuan.

Zerbitzu oso garrantzitsua da, baina ez da nahikoa baloratzen, eta langile denak emakumeak dira. Azpikontrataturiko enpresa batekoak dira, eta bertako zuzendaritzarekin harremanak izan ditugu, baina ez dio nahikoa garrantzirik ematen.

– Tx: Egun batean psikologo, psikiatra, logopeda edo langile sozialak Aita Mennira lanera joango ez balira, egun horretan ospitaleak funtzionamenduan jarrai lezake. Asteburuetan halakoa da egoera. Aldiz, garbitasunekoak egun batean (areago, txanda batean) joango ez balira, ospitalea geratu beharko litzateke.

Arrakala horrekin amaitzeko 10.000 € baino ez dira behar urteko, beraz, arrakala horrekin amaitzea borondate kontua da.

– Zein dira zuen aldarrikapenak?

– Tx: Soldaten igoera, KPIaren igoeratik harago, galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Soldata arrakala ixtea. Alor sozio-sanitarioko 1.592 lanorduetara iristea, orain 1.624 egiten baititugu. Arrisku plusa: orain bi aste tamalez gure lankide batek jipoitua izan zen, eta ez da bakarra izan. Ebentualtasuna eta plantila faltari aurre egiteko lan-poltsa bat aplikatzea.

– Zerbait gehitu nahi duzue?

– JDJ: Arrasateko herriari eskatuko nioke mobilizazioetan parte hartzeko. Aita Menni herri honen zerbitzura dagoen ospitalea delako. Egoeraz kontzientzia daitezela. Prekarizazioaren aurka, herritarren parte-hartzearekin presioa handituko genuke.

– Tx: Gogoan izan behar da Aita Mennik diru publiko ugari jasotzen duela. Kontura dadila Aita Menniko Zuzendaritza, langileen plantilla barik, ezer ez dela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen