“Ospitaleko unitate bakoitzetik pertsona bakarrak egin dezake greba”, salatu du ELAk. Sindikatu honek Zuzendaritzari ondokoak eskatzen dizkio: “soldata igoerak, lanaldiak hobetzea, kontratazioa arautzea eta, batez ere, zerbitzua hobetzeko beharrezko neurriak hartzea”.
“Ospitalean unitate bakoitzetik pertsona bakarrak du aukera greba egiteko” salatu du berri du ELAk, eta “enpresak kanpoan dituen eguneko zentro eta errehabilitazio psikosozialerako zentroetan, langileen greba eskubidea guztiz urratzen da, zerbitzu minimoak %100ean ezarri direlako”.
Hori aintzat hartuta, baloratu egin du atzoko greba egunak “jarraipen zabala izan zuela”. Aita Menniko langileek gaur bigarren greba eguna dute, eta euretako hainbat kanpaldia egiten hasi dira.
Ekitaldia Ospitalearen kanpoaldean egiten ari dira, gogora ekarriz langileen ordezkariek 3 urte daramatzatela Zuzendaritzarekin negoziatzen, baina “Zuzendaritza honek ez du inolako borondaterik langileen lan-baldintzak hobetzeko”.
Gaitzetsi dutenez, Aita Mennik “10 milioi euroko inbertsioak egin ditu lau urtean baina langileek ez dute inolako babesik sentitu, guztiz kontrakoa”.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren bitartekaritza eskatu dute, izan ere “Aita Mennik Osakidetzarekin hitzartutako zerbitzua eskaintzen baitu”.
Aita Mennin lan egiten duten langileen aldarrikapen nagusiak ondokoak dira: soldata igoerak, lanaldiak hobetzea, kontratazioa arautzea eta, batez ere, zerbitzua hobetzeko beharrezko neurriak hartzea.
Bide honetan, ELAk Arrasateko herritar eta gizarte-eragile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu.
Azaroaren 2, 3 eta 4an greba egunak egingo dira. Egun 480 langilek Aita Menniren Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan dihardute.