Udal-gobernuak Aita Menniko langileei erantzun die ez duela lan-gatazkan esku hartuko

0
584

Aita Mennik “dirutza publikoa jasotzen duela” berretsi du ELAk Udalbatzarrean. Udal-gobernuak erantzun du “Udalari ez dagokigula enpresa pribatuetako lan-gatazketan sartzea”. EH Bilduk eskatu du Udal-gobernuak bitartekaritza lana egiteko. Podemos Arrasatek “babes osoa” agertu die “borrokan dabiltzan langileei”.

Bideoa: Udala.

Aita Menniko Enpresa Batzordeko lehendakariak, Txema Kortabarriak, adierazi du “4 urte daramatzagula gatazkan, baina hori ez da okerrena, Ospitaleak okerrera egin duela baizik”.

Entitate pribatu bat bada ere, “diru publiko mordoa jasotzen du, zeren eta guk ematen ditugun arreta psikologiko eta psikiatrikoa ez dauzka Osakidetzak”.

“Onartezina da gero eta diru gehiago iristen den arren, guk ematen dugun arretaren kalitatea beherantz doa, baina ‘etxeko’ buruzagien ondorioz, ezin gara akordio batera iritsi”.

“Gu erremintak eskatzen gabiltza, gure lanpostuen kalitatea bermatzeko. Pandemia aurretik pertsonal falta sufritzen dugu, eta bajak askotan ez dira kubritzen. Pandemiarekin okertu da”.

Arratsaldeko 20:00etan Osasungintzako langileei txalo egitea “oso polita zen, zein garrantzitsuak ginen argi geratzeko, eta orain lan-baldintzak jakitera ematen jarraitzen dugu”.

Aita Mennik “kriston diru publiko pila jasotzen duenez, zuen [Udalbatzaren] babesa eskatzen dizuegu, eta prest gaude talde guztiekin elkartu eta gaia sakonki aztertzeko”.

EH Bilduk alde bozkatu du: “Orain arte pare bat aldiz elkartu gara eta ezagutzen dugu langileriaren arazoa”.

“Makina bat arrasatearrek egiten dute bertan lan” eta langileen lan-baldintzak “urtetik urtera okertzen doaz. Ohitu gara zuek kaleetan aldarrikatzen ikustera, baina politikariok badu gure erantzukizun maila bat”.

EH Bilduk ondorengoa galdetu du: “beste kolektibo batzuekin gobernua biltzen da (horien lan-baldintzak, herriko establezimendu, komertzio eta enpresak sustatzeko) baina zergatik ez du gauza bera egiten Aita Menniko langileekin?”.

Maider Morrasek adierazi du bere taldeak “ez duela beste alde batera begiratuko, hori patronalaren alde egitea baita, eta ez langileriaren alde”.

“Zuen lana goraipatzen dugu, oso zaila baita, arrasatear guztiok badugu zuenean bateren bat lanean, beraz badakigu zer suposatzen duen lan horrek”. Halaber, proposatu du “Udal-gobernuak bitartekaritza lana egitea langileen eta zuzendaritzaren artean”.

Udal-gobernuaren izenean, Joana Sanchezek, adierazi du langileen hitzak “errespetuz hartzen ditugula” baina “Udalari ez dagokigu enpresa pribatuetako lan-gatazketan sartzea”.

Podemos Arrasate taldeak (Elkarrekin Arrasate taldeak bere izena aldatu du orain gutxi) “babes osoa” adierazi die “Aita Mennin borrokan dabiltzaten langileei”.

“Langileen lan-baldintza duinak ez dira negoziatu behar, batez ere sektore feminizatuetan. Eskerrik asko borrokan diharduten langile guztiei eta ELAri arlo honetan egindako lan guztiagatik eta erresistentziagatik”.

EH Bilduko Kepa Urteagak Udal-gobernuari gogorarazi dio Aita Mennik “dirutza publikoa” jasotzen duela, eta adierazi du “pena ematen didala, langileak Plenora eskaerak egitera etortzean, eskaerei muzin egiten diezue”.

Langile ugari “arrasatearrak dira, gu euren ordezkariak gara eta beraz euren arazoei heltzea eta konpontzen saiatzea dagozkigu”. Bozketako emaitzak ondokoak izan dira:

  • Aurkako botoak: 11 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aldeko botoak: 9 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen