Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, eta bertan irakurriko den testuan 10 galdera egiten diote ospitaleko zuzendaritzari.
Aita Menniko langileek kontzentrazio berri bat egingo dute gaur arratsaldeko 19:00etan Seber Altuben plazan. Elkarretaratzean honako testua irakurriko da:
“Aita Menni: sekulako 10 galderak
Enpresarekin negoziazioetan hasi ginenetik bi urte igaro dira, dagoeneko; eta aurrerapausorik ez. Hitzarmena negoziatu behar dugunetan enpresaren erantzuna berbera da beti: EZEZKOA. Eta bide bakarra uzten digute egoera desblokeatzeko. Hala ere, hurrengo galdera hauek egiten ditugu, erantzunik jasoko ez badugu ere:
1- Zergatik egon nahi du enpresak negoziazio-mahai batean ezer egin barik eta denbora pasa?
2- Zergatik, aurreko guztietan, gatazka piztu baino lehenago ukatzen zigutena, ezinezkoa zelakoan; gatazka piztu eta gero, xirmi-xarma, lortzeko moduko eskaera bihurtu da? Horrela preziatzen dituzte plantillako langileak?
3- Txiripaz-edo izango ote da enpresa honetako langile gehienak emakumeak direla? Zergatik errepikatzen da gauza bera sektore feminizatu guztietan?
4- Aita Menni irabazi-asmorik gabeko enpresa da, baina 2017. urtean bakarrik milioi bat eurotik gorako etekin garbiak irabazi ditu. Zorretan ez badago, zergatik ezin dira gauzatu eskaturiko hobekuntzak? Ezin dira benetan bideratu 10.000 € garbitzaileen antzinatasunaren soldata-arrakala berdintzera?
5- Diru publikotik hamabi milioi eurotik gora jasotzen duen enpresa batean nolatan gerta daiteke horrelakorik? Zergatik dago ixilik Gipuzkoako Foru Aldundia? Non dago haren erantzukizuna?
6- Ospitalean lanean ari izan den pertsonala kontratatu beharrean, titulaziorik gabeko ikasleak kontratatzen dituzte. Ez da izango merkeagoak ateratzen zaizkielako? Eta erabaki horien eragina arretaren kalitatean ez zaie axola?
7- Ospitale honetako langile batzuk, hamabi urtez baino gehiagoz bertan lanean aritu arren, oraindik behin-behinekoak dira. Nolatan hori?
8- Unitate bakoitzean langile bakar bat dago gauez, eta zerbait gertatzen denean, laguntzera datorrenak hutsik utzi behar du bere unitatea. Zer esan behar du enpresak horri buruz?
9- Absentismo-maila handia dugula diote, baina ez dute esaten langileek horrelako egoeretan berebiziko ahaleginak egin behar dituztela lana aurrera ateratzeko eta arreta-kalitateari eusteko. Erabiltzaileek ez al dute merezi?
10- Noiz arte jasan beharko dugu egoera hau?
Ez dugu galdera gehiago egin nahi. ASKI da. Erantzunak behar ditugu. Ez gara geldituko gure lan-baldintzak duindu arte, eta gure gaixoentzako arretaren kalitatea bermatu arte. Guk badugu profesionaltasuna, enpresak erantzukizuna erakutsi behar du.”