Aita Menniko langileak mobilizazioekin hasiko dira bihar

2
1099

Langileei dei egiten diete asteartean, ekainaren 9an, 17:30ean Eroskiko aparkalekuan hasiko duten autokarabanan parte hartzera.

Testua: ELA.

Mobilizazioei ekitera goaz, Aita Menniko langileok ofentsibara!

Covid-19ak gure ekintza sindikala bertan behera uztea ekarri zuen, baina iritsi da berriz ere mobilizazioei ekiteko garaia. Inoiz baino argiago geratu da gure lanak gizartearentzat duen garrantzia, eta horrek gure aldarrikapenak indar handiagoz bultzatzera garamatza.

Enpresak “limosna” bat eman digu isilarazteko, baina lortu duten efektua kontrakoa da: haserrea eta kalera ateratzeko gogoa. Gatazka hau diru-arazo soil batetik haratago doa eta hori ulertzen ez badute, arazo handi baten aurrean kokatzen dira.

Ia udan sartuta, langileok enpresaren erabakiak sufritzen jarraitzen dugu: langile-falta, lan kargak, erizaintzako guardiak, covid-19aren ondorioak, etab. Baina oratzen jarraitu ahal izateko ez dago inoiz arazorik. Hor dago Eibarko ospitaleko 4. solairuaren kudeaketa adibide gisa.

Mobilizazioak berrekin behar ditugu, gatazka konponduta egotetik urrun baitago. Hori dela eta langileei dei egiten diegu asteartean, ekainak 9, 17:30ean Eroskiko aparkalekuan hasiko dugun autokarabanan parte hartzera.

Une egokian gaude. Osasun krisiak prestigioa eman dio gure lanari eta balkoietako txaloetatik mobilizaziorako jauzia egin beharrean gaude. Bitartean, enpresak etekina ateratzen jarraitzen du langileon kontura, guk lana buru-belarri ateratzen dugun bitartean, karga emozional eta fisiko izugarriekin.

Gogoratu mobilizazioari esker soilik lortuko ditugula lan-baldintza duinak.

2 IRUZKIN

  1. Non daude orain arratsaldeko 8etako txaloak? Egiten duzuen lana oso garrantzitsua da gizartearentzat, gure nagusiak edo gu geu zaintzen gaituzuen profesionalok zarete zaindu beharrekoak. Zuen lan baldintzak duinagoak izan beharko lukete! Gora zuek!

  2. Ez da ulergarria egoera hau! Agertuko ote da ETBn aldarrikapen hau? Osasun langileen dantza eta bestelako irudi baikorrak agertu diren bezala? Jasoko al dute gure txalo zaparrada edo zalantzan jarriko dugu beraien borroka? Konturatuko al gara zaintzaren garrantziarekin behingoz? eta konturatuko al gara, zaintza lana egiten duena langilea dela eta ez “neska”? eta langile moduan betebeharrak dituen bezala eskubideak ere badituela? eta konturatuko al gara langileok lana egiten dugunean aberastasuna sortzen dugula eta aberastasun horren banaketa modu justuan egin behar dela? eta azkenik, konturatuko al gara hori guztia langile guztion artean lortuko dugula? Kooperatibistak eta autonomoak barne, denok gara eta langile!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen