Elkarretaratze honekin Eusko Jaularitzako Osasun Sailari langileekin bildu eta gatazkaren konponbidean esku har zezan eskatu nahi izan diete
ELAk aste honetarako hiru greba egun deituta ditu Aita Mennin -azaroaren 2tik, 4ra zehazki- egun hauekin guztira hamar izango dira langileek euren gatazka konpontzeko guztira eginiko greba egunak.
Osakidetzak gure lurraldean eskaintzen ez duen zerbitzu bat ematen da Aita Mennin, osasun mentalaren alorrean. Arrasateko ospitaleaz gain, psikiatria, kalte zerebrala eta adinekoen esparruko beste hogeita hamar zentro inguru kudeatzen ditu EAEn. Foru Aldundiek zein Eusko Jaularitzako Osasun Sailak itundutako zerbitzua eskaintzen du eta beraz, administrazioek ere badute zeresana gatazka honetan. Hala, gaur Gasteizen eginiko elkarretaratzearekin, Osasun Sailari langileekin biltzeko eskaera luzatu nahi izan diete langileek, ospitaleko langileen zein pazienteen berri eman eta gatazkaren konponbidean esku hartzeko eskatuz.
Bestalde, ELAk enpresaren zuzendaritzak negoziazioan izaten ari den pasibotasuna irmoki salatu nahi du. Langileen ordezkariek uztailaren amaieran bidali zioten zuzendaritzari negoziazioan urratsak eman ahal izateko proposamen berri bat, baina ia urtearen amaierara iritsi arren, enpresa batzordeak ez du inolako erantzunik jaso.
Halaber, greba egunetan enpresa hau izaten ari den jarrera guztiz gaitzetsi nahi du ELAk, greba egunak boikoteatuz eta enpresa batzordeari errua botaz pazienteek grebatan sufritzen dutenaren inguruan. Zerbitzu minimoak oso altuak dira, eta azken hauek Eusko Jaularitzak dekretatzen ditu, ez enpresa batzordeak. Enpresaren helburu bakarra azken egun hauetako greba egunak zapuztu eta langileen aurkako presioa egitea besterik ez dela argi geratu da.
Langileek lau urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta euren aldarrikapenen artean daude lanaldien jeitsiera, langileen rotazioarekin amaitzeko eta kontratazioa arautzeko neurriak, lan osasunari dagokion neurriak, hobekuntza ekonomikoak eta prekarietatea ezabatzeko neurriak.
Bihar eta etziko greba egunetan ere mobilizazioak deituta dituzte langileek. Azaroaren 3an kanpaldia egingo dute ospitale aurrean 11etatik hasita. Azaroaren 4an, aldiz, manifestazioa egingo dute 11.30etan Arrasateko plazatik hasita.