Beheko testua eta argazkia: ELA sindikatua.
Aita Menni ospitaleko eta enpresa honetako hainbat zentroetako 500 langile grebara deitzen ditugu datorren urriaren 14an. Gipuzkoako osasungintza mental eta ezgaitasunaren alorreko entitate garrantzitsuena Aita Menni, baina bertan lan egiten dugun errealitatea gero eta okerragoa da.
Hitzarmen berri baten negoziaketa duela bi urte hasi genuen eta enpresak ez du inolaz ere gure lan baldintzei buruz hitz egin nahi. Aita Menniren izaera “lukrorik gabekoa” omen da, baina finantzazio publikoa dago oinarrian, bai Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiena eta baita Eusko Jaularitzako Osasun Sailarena ere. Negozio aparta bilakatu dute osasunarena: enpresak urtean milioi bateko irabazi garbiak ditu, langileen baldintzak zazpi puntu igotzeko gaitasuna dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundia negozio honen konplize da, beste behin ere.
Aita Menniren filosofia omen da pertsonen ongizatea eta errespetua erdigunean jartzea. Eta hemendik zuzendaritzari galdera zuzena luzatu nahi diot: langileek ze toki dute hainbeste aldarrikatzen duzuen filosofia horretan? Langileok betidanik gure lan baldintzak hobetzeko gatazkara jo behar izan dugu eta bide horretan enpresak mehatxuekin jokatu du, beti menpekotasun puntu horrekin.
Orain, 2017tik ez daukagu soldata hobekuntzarik eta langile publikoen soldatetatik oso urrun gaude. Kontratazioan ere sekulako arazoak daude. Postuak ez dira betetzen, aldi baterako langileei ez diete oporrak hartzen uzten lan kargak sekulakoak dira.
Pandemiak ere ez du egoera hobetu. Are gehiago, gure aldarrikapenak indartu eta legitimatu ditu. Lehen lan karga handiak baldin bagenituen, orain zama bikoiztu da eta ez da pertsonal gehiago kontratatu. Gainera, enpresak oporretatik itzulitako langileei ez dizkiete PCR frogak hasieratik egin, Arrasateko ospitalean brote bat baino gehiago egon direla jakinda ere. Langileen lan osasun eta segurtasuna bermatzeko neurriak ere eskatzen ditugu negoziazio honetan. Arrisku handiko egoerak bizitzen ditugu gure lanpostuetan: pertsona zaurgarriekin edota muturreko egoerak sufritzeko beldurrez adibidez, unitate penal legalean.
Pazienteen asistentzia kalitatezkoa izateko langileen baldintzak bermatu beharra daude eta hori da lehen lerroan jarri nahi duguna. Guretzat ez da erraza puntu honetara iristea, baina urte eta erdiren ostean eta hamaika mobilizazio egin ostean ez daukagu beste irtenbiderik. Enpresa batzordea beti agertu izan da prest negoziatzeko, baina enpresaren jarrera bestelakoa da: aldez aurretik adostutako edukiak boikoteatzen ditu, langileon negoziazio eskubidea urratuz. Hau ez dugu inolaz ere onartuko.
Txaloetatik ekintzetara pasatzera dei egiten diogu gizarteari, gipuzkoarrontzat hain garrantzitsua den enpresa honetako langileok merezitako lan baldintzak izan ditzagun eta urriaren 14arako deituko dugun mobilizazioan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak.