Aita Mennik “hitzarmenean ere inbertsio errealak” egiteko, grebara deitu du ELAk

0
681

Sindikatuak ospitaleko 500 langile inguru grebara deitzen ditu martxoaren 24rako eta apirilaren 15erako. Aita Mennik diru-sarrera publiko “oso potenteak” ere baditu, eta “azken 5 urteetan 10 milioi euroko inbertsioak egin ditu, 4 milioitik gorako irabaziak izanda”.

“Aita Mennik azken 5 urteetan 10 milioi euroko inbertsioak egin dituela eta 4 milioitik gorako irabaziak izan dituela” eman du jakitera ELAk. Horietan oinarriturik, “hitzarmenean ere inbertsio errealak egitea” eskatzen dio ELAk enpresari.

Pasa den urriaren 14an egindako greba egunaren jarraipena izango dira martxoaren 24koa eta apirilaren 15ekoa.
Izan ere, “enpresak ardura eta konpromisorik hartu gabe jarraitzen du” azken 3 urteotako negoziaketan.

Atzo izandako negoziaketa bileraren ostean, “enpresak pandemia aurretik zeuden edukiak baino okerragoak planteatu ditu, 2020rako soldata igoerarik ez langileentzat, besteak beste”.

Hortaz gainera, “langileei norbere babeserako ekipamenduan diru asko gastatu dutela aurpegiratzen digute horren errua langileena izango balitz bezala”.

Pandemiak ospitalean dauden “arazo estrukturalak agerian utzi ditu: pertsonal falta, lan kargak, arautu gabeko kontratazioa eta lan osasunaren alorreko gabezia sakonak (pasa den urtetik hiru brote jasan dituzte neurriak ez direlako bete)”.

ELAk ezinbesteko ikusten du Aita Menniko lan hitzarmenean arazo hauei erantzun bat emateko edukiak jasotzea, “baina enpresa honek, beste behin ere, irabaziei begiratzen die pazienteen osasuna eta langileena lehenetsi ordez”.

“Kalera begira euren gizatasuna eta gertutasuna adieraziz propaganda egin, baina pazienteak eta langileak behin eta berriz gutxietsi, horixe da euren tesia”.

Azken 5 urteetan ia 10 milioi euroko inbertsioak egin ditu enpresak eta 4 milioi eurotik gorako irabaziak izan dituen “osasun arloko dimentsio honetako enpresa batean diskurtso neoliberal hauek ezin dira onartu”.

Euskal Autonomia Erkidego guztian ezinbestekoa den zerbitzu bat eskaintzen da: kalte zerebrala, neuroerrehabilitazioa, mediku asistentzia, psikologia, psikiatria, etxez etxeko laguntza‚Ķ Alabaina “urtetik urtera pazienteen zaintzaren kalitatea okertuz doa, langileen prekarietatea areagotuz”.

Gainera, mahai negoziatzailean enpresak ELAri aurpegiratu dio “ez duela enpresak ERTE batetara jo, nahiz eta zerbitzu batzuk itxi behar izan dituen. Deigarria da itxitako zerbitzu hauetako langileak enpresan pertsonal falta egon den zerbitzuetan lanean egon direnean hau esatea”.

ELAk beti adierazi izan du “hitzarmen hau negoziatzeko borondatea, eta horretan jarraitzen du”. Baina “ezin dugu onartu langileek jasandako urte gogorraren ostean eta pandemiaren aurrean enpresak egindako kudeaketa txarraren ondoren, lan baldintzak okertuko dituen proposamenik. Langileok ez dugu merezi ezta pazienteek ere”.

Hala, datorren martxoaren 24an eta apirilaren 15ean Aita Menni osatzen duten langile guztiak grebara deitzen ditu ELAk, greba egun bana egitera. “Mobilizazioekin jarraituko dugu langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortu arte”.

ELAk jakitera eman du Aita Mennik instituzioetatik diru-sarrera publiko “oso potenteak” jasotzen dituela. Atzoko bileran “aipatu zuten orain arteko hitzarmena berrizten ari direla”.

Aipatzekoa da “Osakidetzak Bizkaian eta Araban zerbitzu hauek era publikoan eskaintzen ditu. Gipuzkoan, ordea, ez dauka halako zerbitzu publikorik, eta Aita Mennik betetzen du zerbitzu kontzertatu bidez hutsune hori”.

Aita Menni txertoak ematen hasi zen “lehenengo adineko erabiltzaileei, baita bestelako erabiltzaileei eta unitate bateko langileei ere, arazo psikologikoak eta psikiatrikoak dituzten erabiltzaileei”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen