Aita Mennik bere 125 urteen argazki erakusketa ireki du, gerora begira

0
437

Esposizioak erakusten du “1898tik Aita Mennik euskal gizartearekin eboluzionatu duela”. Argazkiak ikus ditzakete “bai familiek baita herritarrek oro har ere”.

Beheko testua eta argazkia: Aita Menni.

Aita Menniren Euskadiko zentroek (Bizkaian eta Gipuzkoan) argazki-erakusketa bat ireki dute ospitalearen eboluzioa erakusten duena, bere 125 urteetako historian zehar gaur egunera arte, eta aurreratzen du nolakoa izango den Aita Menni Ospitalea etorkizun hurbilenean, berritze- eta handitze-lanak bukatzean, Obretako Gida Planean jasoak, eta egun gauzatzen.

Erakusketa hau Aita Menni bere efemeridea ospatzeko garatzen dabilen ekitaldietako bat da. Erakusketa ikusgai dago Aita Menniren zentro guztietan (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta zabalik dago familientzat eta herritarrentzat oro har.

Bertan ikus daiteke 1898tik Aita Mennik euskal gizartearekin eboluzionatu egin duela, eskainitako zerbitzuak ugarituz; buruko osasunaren ikuspegi tradizionaletik harago, arreta modernizatuz eta zaurgarritasun maila altuko gizarteko sektoreetara iritsiz, edo zuzenean sozialki baztertutako pertsonetara.

Testuinguru honetan, esposizioak ikusgai ditu martxan jarritako gailu eta lan-ildo anitzak. Aita Mennik bere lan-esparrua zabaldu egin du buruko osasunarekin zerikusia duten alor berrietara, zerbitzatzen duen gizartearen beharren arabera.

Horrela, arreta psikiatrikoa eskaintzeaz gain, lan egiten du hartutako kalte zerebrala duten pertsonen errehabilitazioan, desgaitasun intelektuala duten pertsonekin, mendekotasun eta narriadura kognitibo maila ezberdinetako pertsona nagusien arretan, eta esparru soziosanitarioan, batez ere buruko osasunarekin zerikusia duena.

Euskadiko lehen psikiatrikoa

Aita Mennik (Gipuzkoa) 125 urte bete ditu, Benito Mennik, San Joan de Dioseko anai eta Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioaren sortzailea (Aita Menniri dagokion kongregazioa) Arrasateko Santa Agedako Bainuetxea erosi zuenetik, garai hartako Europako ospetsuenetako bat zena, laguntza psikiatrikoko zentro bihurtzeko: Euskadiko lehena. Bere hastapenak 1898ko ekainekoak dira, Benito Menni Aitak bertan Santa Agedaren Osasun Etxea ireki zuenean.

Menni Aitak bere ametsa egi bihurtzeko aukera ikusi zuen Santa Ageda Bainuetxean, Gesalibarren. Santa Agedako Bainuetxeko bezero esklusiboen artean orduko Gobernuko burua zegoen, Canovas del Castillo, 1897ko abuztuaren 8an bertan eraila, eta gertaera horrek eragin zuen bainuzaleek bainuetxetik alde egitea, eta ahalbidetu zuen Menni Aitak instalazioak erostea.

1898ko ekainaren 1ean, Benito Menni aitak Añibarro doktorearekin, Ahizpa Ospitalari batzuekin, San Joan de Dioseko anai batzuekin eta 50 gaixorekin, Santa Agedako Osasun Etxea inauguratu zuen, Gesalibar auzoan, Arrasaten. Lehenagoko bainuetxea Euskadiko laguntza psikiatrikoko lehen zentro bihurtu zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen