Aita Menni ospitaleko 500 langile inguru grebara deitu ditu ELAk asteazken honetarako

0
491

Azken 5 urteetan 10 milioi euroko inbertsioak egin eta 4 milioitik gorako irabaziak izan ondoren, hitzarmenean ere inbertsio errealak egiteko eskatzen diogu.

Testua: ELA.

Pasa den urriaren 14an egindako greba egunaren jarraipena izango da honakoa. Duela hiru urte hasitako negoziaketaren ostean, enpresak ardura eta konpromezurik hartu gabe jarraitzen du. Atzo izandako negoziaketa bileraren ostean, enpresak pandemia aurretik zeuden edukiak baino okerragoak planteatu ditu, 2020rako soldata igoerarik ez langileentzat, besteak beste. Gainera, langileei norbere babeserako ekipamenduan diru asko gastatu dutela aurpegiratzen digute horren errua langileena izango balitz bezala.

Pandemiak ospitalean dauden arazo estrukturalak agerian utzi ditu: pertsonal falta, lan kargak, arautu gabeko kontratazioa eta lan osasunaren alorreko gabezia sakonak (pasa den urtetik hiru brote jasan dituzte neurriak ez direlako bete). Ezinbestekoa da Aita Menniko lan hitzarmenean arazo estrukutural hauei erantzun bat emateko edukiak jasotzea, baina enpresa honek, beste behin ere, irabaziei begiratzen die pazienteen osasuna eta langileena lehenetsi ordez. Kalera begira euren gizatasuna eta gertutasuna adieraziz propaganda egin, baina pazienteak eta langileak behin eta berriz gutxietsi, horixe da euren tesia.

Azken 5 urteetan ia 10 milioi euroko inbertsioak egin ditu enpresak eta 4 milioi eurotik gorako irabaziak izan dituen osasun arloko dimentsio honetako enpresa batean diskurtso neoliberal hauek ezin dira onartu. Euskal Autonomia Erkidego guztian ezinbestekoa den zerbitzu bat eskaintzen da: kalte zerebrala, neuroerrehabilitazioa, mediku asistentzia, psikologia, psikiatria, etxez etxeko laguntza… eta urtetik urtera pazienteen zaintzaren kalitatea okertuz doa, langileen prekarietatea areagotuz. Gainera, mahai negoziatzailean enpresak ELAri aurpegiratu dio ez duela enpresak ERTE batetara jo, nahiz eta zerbitzu batzuk itxi behar izan dituen. Deigarria da itxitako zerbitzu hauetako langileak enpresan pertsonal falta egon den zerbitzuetan lanean egon direnean hau esatea.

ELAk beti adierazi izan du hitzarmen hau negoziatzeko borondatea, eta horretan jarraitzen du. Baina ezin dugu onartu langileek jasandako urte gogorraren ostean eta pandemiaren aurrean enpresak egindako kudeaketa txarraren ondoren, lan baldintzak okertuko dituen proposamenik. Langileok ez dugu merezi ezta pazienteek ere.

Asteazken honetako greba egunean dagoen mobilizazio egitarauan parte hartzeko deia luzatzen du ELAk. Asteazkeneko greba egunarekin eta apirilaren 15ekoarekin, 3 izango dira Aita Menniko langileek egindako greba egunak, pasa den urriaren 14an eginikoarekin batera.

Honakoa izango da asteazkenerako mobilizazio egitaraua:
7:30etan pikete informatiboak ospitalean.
11:30etan mobilzazioa Arrasateko plazan.
14:30etan elkarretaratze zaratatsua ospitale atarian.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen